Vista Alegrera ere iritsi da festa

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko uztailaren 8a

Aurten ere saskiratze eta penalti lehiaketa jokatuko dute Vista Alegren. Bihar eguerdian izango da (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Gaur botako dute auzoko festetako txupinazoa, eta igande arratsaldera bitartean askotariko ekitaldiak izango dira, adin guztietako herritarren gozagarri 

Eskualdea uda giroan dago murgilduta, eta zerrendarekin jarraituz, Zarauzko Vista Alegre auzoko jaiak ospatuko dituzte asteburuan herritarrek. Gaur hasiko dituzte; 18:00etan botako dute jaiak iragartzeko txupinazoa, eta hortik aurrera jai giroa nagusituko da herriko gune horretan. Horretarako, urtero bezala, egitarau betea antolatu du Vista Alegreko batzordeak, Zarauzko Udalaren eta Kultura sailaren laguntzarekin.

Adin guztietako herritarrek aurkituko dute gustuko ekitaldirik hiru eguneko egitarauan. Haurrek, esaterako, eskulanak eta marrazkiak egingo dituzte bihar eta baita saskiratze eta penalti txapelketan lehiatu ere. Txikienak, berriz, moto eta patinetean ariko dira nor baino nor. Zezen txikiak eta pottokak ere izango dira egun horretan eta baita txokolatada ere igandean, festei amaiera emateko. Ikuskizuna ere eskainiko dute azken egunean.

Helduentzat, berriz, bazkari herrikoia antolatu dute biharko, dardo lehiaketa gaurko, toka txapelketa iganderako eta beste hainbat ekintza. Aurten, gainera,  poteo elegantea ere egingo dute bihar.

Erlazionatuak

Vista Alegreko jaiak (egitaraua)

Zarauzko Hitza 2016 uzt 06 Kultura

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide