«Aitortza ematen dizute jaialdiek»

Aritz Mutiozabal 2016ko uztailaren 8a

Andrea Hintermaier aktorea eta Ibai Vigil-Escalera zinegilea, 'Yellow' errodatzen (Ibai Vigil-Escalera).

Mama Please Forgive Me film laburra hainbat zinema jaialditan aurkeztu ondoren, orain Yellow izeneko film laburrarekin buru-belarri ari da lanean Ibai Vigil-Escalera. Proiektu berria ere AEBetan filmatzen ari da.

Ekainaren erdialdean bukatutzat jo zuen Ibai Vigil-Escalera zarauztarrak Mama Please Forgive Me bere film labur dokumentalaren proiekzio zikloa, nazioarteko 37 zinema jaialditan erakutsi ondoren.  Hain justu ere, duela bi urte errodatu zuen hiri berean eskaini zuen azken emanaldian: New Yorkeko The Americas jaialdian, Columbus Circleko Time Warner antzoki aretoan. «Beti da pozgarria, hainbeste denbora inbertitu ostean, norbere lana publikoaren aurrean erakustea. Jaialdietan egoteak aitortza ematen dizu, eta horrek lan gehiago egiteko motibatzen zaitu».

Vigil-Escalerak nabamendu du «harrera oso ona» izan duela batez ere LGTB zinema jaialdietan. «Pozgarria izan zen BFI: Flare London LGTB zinema jaialdiaren parte izatea, Eurokopako LGTB zinema jaiadirik handiena da eta zaharrena, 1986. urtean hasi zen». Edonola ere, «garrantzitsuena» norbere lana proiektatu ahal izatea dela dio: «Askotan ez dio hainbeste axola non erakusten den».


Eddieren egunerokoa

2012ko irailean iritsi zen New Yorkera, argazkigintza eta argazki zuzendaritza ikastera, eta egun han bizi da freelance moduan lan eginez, argazki zuzendari bezala. «Hainbat film labur independentetan lanean nenbilen bitartean, nire kabuz dokumentala grabatzen hasi nintzen. Hasieran proba moduan, eta pixkanaka ohartu nintzen zerbait interesgarria nuela esku artean». Film labur batek oro har ez duela helburu komertzialik dio, eta «oso zaila da inbertitutako dirua berreskuratzea. Proiektu pertsonalak dira normalean».

Vigil-Escaleraren Mama Please Forgive Me proiektuak Eddie Hernandez izeneko gizonezko baten droga mendekotasuna islatu zuen, modu naturalean eta dokumental formatuan. «Duela lau urte ezagutu nuen Eddie, aplikazio sozial baten bitartez. Eddiek crystal meth drogarekin zuen arazoa azaldu zidan, eta nola eguneroko bat idazten ari zen errekuperazio zentroak hala gomendatuta. Nik grabatzea proposatu nion, eta, nolabait esateko, horrela hasi zen dokumentala».

Sei hilabetez aritu zen haren eguneroko bizitza jarraitzen. «Eddie eta nire artean lagun arteko harreman bat sortu zen. Beraz, ezinezkoa izan zen ez inplikatzea». Hasieran, Eddie laguntzea izan zen egile zarauztarraren asmoa: «Denbora ge­hiago pasatzen genuen hitz egiten grabatzen baino. Gero, ohartu nintzen esku artean nuen materiala interesgarria zela, eta orduan hasi nintzen proiektua askoz ere gehiago planifikatzen eta une gehiago grabatzen. Dokumental hau ikasketa prosezu bat ere izan da niretzako».


Arraza arteko harremanak

Mama Please Forgive Me lanaren ibilbidea bukatuta, une honetan proiektu berri batekin dabil lanean: Yellow izeneko film laburrarekin. Kasu honetan, fikziorako jauzia egin du, baina gizarte gai bat du hizpide: AEBetako 50eko hamarkadan dago girotua, eta arraza arteko bikote batek bizitzeko dituen zailtasunak eta desabantailak deskribatzen di­tu. «Istorio guztiak dagoeneko idatzita daude. Ez da arraza arteko harremanak jorratzen dituen lehenengo filma. Gai honen inguruan jada asko egin dira, baina bakoitzak bere ikuspuntutik kontatzen du», gaineratu du. Filmaketa Long Islandeko Bellport herrian egiten ari da.

Iazko udan hasi ziren errodatzen, «baina ekoizpena diru gabe geratu zen eta orain,  filma bukatzen ari gara dirurik gabe. Eta horrek bere zailtasunak ditu». Oraindik hainbat sekuentzia falta zaizkie filmatzeko, eta «momentuz lan asko dugu aurretik». Bere helburua film laburra bukatzea da, eta oraindik ez da pentsatzen jarri noiz estreinatuko duen, ezta zein jaialditara aurkeztuko duen ere.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide