Taldea 2013an sortu eta urtebetera eman zuen argitara estreinako diskoa Perlak laukoteak. Lan hark harrera beroa izan zuen, eta ahoz aho euren izena zabaltzen joan zen han-hemenka. Taldea ezagutzera emateko orduan, 2014ko Gaztea Maketako Lehiaketako finalerako sailkatzeak «bultzada» eman zietela uste dute taldekideek. «Egiten duguna beharbada Euskal Herrian ez zen egiten. Antzekoa egin duten taldeek ingelesez egin dute, eta guk euskaraz. Gainera, hiru emakume gara oholtza gainean. Eskaintza nolabait ezberdina izan da, eta horrek izan du nolabaiteko eragina», nabarmendu du Maite Martiarena abeslariak eta gitarristak.
Bi urtetan 60 kontzertu eskaini ondoren, abesti berriak sortzeko «beharra» sentitu zuten, eta behar hori Itzaletatik (Gaua Records) bigarren diskoan islatu dute. «Hasieran blokeo moduko bat izan genuen, baina ekin genionean askatu egin ginen. Dena oso naturala izan da. Ez gara bereziki zerbaiten bila joan, abestiak sortzen joan gara eta gero zorroztu egin ditugu gure izaera emanez», dio Martiarenak.
Bigarren diskoaren grabazio prozesua «errazagoa» izan dela azaldu du Ilargi Agirre bateria-jotzaileak. «Abestiak pixka bat prestatuago eraman genituen estudiora, eta orduan, azkarrago grabatzen duzunez, han bertan denbora gehiago izan genuen abestiak gehiago biribiltzeko. Egia esan, antzematen da abestiak finduagoak edo landuagoak geratu direla». Debuteko diskoarekin bezalaxe, honakoa ere Aitor Abioren gidaritzapean grabatu dute Mungiako Gaua estudioan. Martiarenaren hitzetan, «ideiak garbi genituela joan ginen, baina estudioan ikaragarri irabazi zuten, eta beragatik izan da, zalantzarik gabe».
Post-punkaren ildoari eusten diote Itzaletatik diskoko hamaika abestiek, atmosfera eta giro ilunekin. Hala ere, lan berrian gitarrek protagonismo handiagoa hartu dute. Disko batetik bestera taldekide aldaketa izan dute, Oihane Abarrategiren lekua Miren Narbaizak (Napoka Iria, Joseba B. Lenoir Gang) hartu du, eta zerikusia izan du bilakaera horretan. «Mirenek sortzeko beste modu bat dauka. Oihanek askotan teklatura jotzen zuen entseatzen genuenean; Mirenek, ordea, joera gehiago izan du gitarra hartzekoa», adierazi du abeslariak.
Agirreren ustez, taldekide aldaketa giltzarri izan zen Perlak-entzat. «Bi aukera gerta zitezken: erdi desagertzea edo aurrera jarraitzea. Taldekide bakoitza puzzle bateko pieza bat da, eta pieza batek alde egiten badu, oso zaila da beste pieza bat ongi egokitzea. Oihane haurdun zegoen eta taldea uztea erabaki zuen, generaman kontzertuen martxarekin ezin zuelako jarraitu». Facebook atarian iragarki bat jarri zuten, eta Miren Narbaizak berehala erantzun zien. «Entsegu inprobisatu bat egin genuen berekin, eta hasieratik feeling-a izan genuen».
Esanahi bikoitza
Bi ikuspunturekin jokatu dute izenburua jartzerakoan. «Hasierako blokeo horretan hainbat kezka etorri zitzaizkigun burura: zer dugu gehiago esateko, disko bat badugu, bigarren disko bat egiteko gai gara, zertaz hitz egin... Hortik atera dira itzalpean geneuzkan sentimenduak, nahiak eta istorioak», jakitera eman du Martiarenak. «Bestetik, emakumeok askotan musika munduan itzaletik jarduten dugulako ere jarri diogu Itzaletatik».
Abesti askotan ere emakumearen ikuspegia landu dute: esaterako, Isilpeko hitzak, Ama, Emakume kuantikoa eta Bandera moreak. Hori guztia «era natural batean» atera zaie: «Gure kezka eta sentipen horien barruan badago emakume izatea, eta horrek badu bere eragina». Bandera moreak abestia aurretik egina zuten. «Mundu Martxa Euskal Herritik pasatzen zela eta, Bilgune Feministatik deitu ziguten abestia egiteko, eta hitzak Uxue Alberdik egin zituen». Diskorako, ordea, bertsio akustikoago bat grabatu dute, Mursegoren kolaborazioarekin.
Disko berriak ahots aniztasuna du, gainera. Taldekide guztiek abesten dute abestiren bat, Ilargi Agirrek izan ezik. Taldeko ahots nagusia Martiarenarenak izaten jarraitzen du, baina Patxi Agirre baxu-joleak Ama abestia kantatzen du; Miren Narbaizak Itsasoari begira-n; eta Oihane Abarrategi taldekide ohiak Emakume kuantikoa-n.
Orain, zuzenean aurkezten ari dira, eta gaur gauean Modelo aretoan joko dute, 22:00etan hasita, Zarauzko Low Riders taldearekin batera; azken hauek ere Forgive your enemies diskoa kaleratu berri dute. Etxean jotzeak «errespetua» sortzen duela diote, baina gogotsu daude. «Low Riders-ekin partekatzen dugu lokala, eta lagunarteko festa izango da. Polita izango da haiekin batera jotzea». Irailaren hasieran, bestalde, Donostiako Kutxa Kultur Jaialdian hartuko dute parte.