Hamarkada erabat zaratatsua

Aritz Mutiozabal 2016ko ekainaren 29a

Antidogmatikss taldea 80eko hamarkadako emanaldietako batean.

‘ZarataZarautz’ irratsaioak 10 urte bete ditu, eta iganderako jaialdia antolatu du Putzuzulon .Antidogmatikks, Hell Division, Kamorrah eta Diskoiraa taldeek joko dute.

Hamar urte bete ditu aurten Zarauzko Arraio Irratiak, eta hainbat ekitaldi egin zituzten maiatzean urtemuga ospatzeko. Arraiorekin berarekin batera, badira hasiera hartan jaio eta oraindik osasuntsu jarraitzen duten irratsaioak, eta horiek ere euren ospakizun jaialdiak egiten ari dira. Kaiolatik saioak, esaterako, hilabete hasieran antolatu zuen, eta orain ZarataZarautz saioaren txanda izango da. Igande honetarako, uztailaren 2rako, ZarataZarautz 10 urte zaratatsu jaialdia antolatu dute Putzuzulo gaztetxean.

Lau musika taldek hartuko dute parte festan: Diskoiraa, Kamorrah, Hell Division eta Antidogmatikss, hain zuzen ere. Kontzertu emanaldiak 21:30ean hasiko dituzte, eta sarrerak bost euro balioko du.

Berriro ere jotzen
Bartzelonako hardcore-punk talde beteranoa da Antidogmatikss. Kataluniako hardcore eszenako funtsezko taldeetako bat, alegia. 80eko hamarkadan ekin zion bere ibiliari, eta 90eko hamarkada hasiera arte iraun zuen. Bueltan dira, ordea, eta indartsu jarraitzen dute.

Gainerako hiru taldeak ere denbora daramate geldirik edo gutxi jotzen, eta ZarataZarautzen urtemuga aitzikia ezin hobea izango dute taula gainera berriz igotzeko. Donostia eta Zaragoza artean sorturiko taldea da Kamorrah, eta grind basatia jorratzen dute. Donostiako Hell Division laukoteak crust bortitza eskainiko du, eta kartela biribiltzeko etxeko talde bat ariko da: Diskoiraa. Urte batzuk badira jotzeari utzi ziotela, baina jaialdian jotzeko espreski elkartu dira. Kontzertuen ondoren, disko-jartzaileak izango dira.

ZarataZarautz irratsaioa astearte gauetan entzun daiteke Arraio Irratian (99.3 FM), 21:30­etik aurrera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide