Atzo arratsaldean egin zuten ezohiko udalbatzarra hondakin solido urbanoen kudeaketari buruzko mozioaren inguruan, eta hura aurkeztu zuten bi alderdien (EH Bildu eta Irabazi Zarautz) 9 botoak ez ziren nahikoak izan, Udal Gobernuaren (EAJ eta PSE-EE) kontrako 11 botoen aurrean.
Zubietan eraikin nahi duten balorazio energetiko plantak edo errauste plantak osasun aldetik inguruko herrietan eragina izango duela nabarmendu zuten EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek, eta planta hori Zarauztik 10-15 kilometrora dagoela. "Hainbat ikertzaileren esanetan, gaixotasun iturri dira", azaldu zuen Irabazi Zarautzeko bozeramaile Ana de Benitok. Ondorio ekonomikoak ere izango dituela gaineratu zuen EH Bilduko bozeramaile Mikel Goenagak: "Datozen 35 urtetan, azpiegitura hau eraikitzeko 1.200 miloi euro gaindituko duen kostua ordandu beharko dugu gipuzkoar guztion artean. Gainera esku pribatuetan utzi nahi da".
Udalak ez duela errauste plantaren kolaboratzaile izan behar iritzi diote EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek, eta hondakinak kudeatzeko aukera berriak aztertu behar dituela, ekonomia zirkularrean apustu eginez. Mozioan adierazten zuten bezala, Urola Kostako Udal Elkarteari eskatu zioten errauste plan martxan jarriko balitz udalerriko hondakinak hara ez eramatea.
Ekonomia zirkularraren aldekoak direla azpimarratu zuen PSE-EEko bozeramaile Gloria Vazquezek, eta osasuna "guztioi arduratzen gaituen gaia" dela. Baina "errauste planta bai ala ez" planteamenduak eztabaida "desenfokatzen" duela uste du Vazquezek, eta "gizartean alarma" sortzen duela. "Erraustegiek sortutako emisioak beste industria batzuk sortzen dutena baino murritzagoa da", dio Vazquezek. Baita zabortegiak direla "konponbiderik okerrenak", eta "horren alternatiba balorazio energetikoa da".
EAJko bozeramaile Jesus Aranak ere eredu zirkularra babesten dutela azaldu zuen. Horren haritik, "Europako ekonomia zirkularrari jarraituz, ezin baldin bada birziklatu, berrerabili edo behin eta berriro birziklatuagatik berriz birziklatu ezin denean, orduan egin behar da balorazio energetikoa", gaineratu zuen. Osasunaren gaiarekin hainbat alderdi eta eragile "partzialtasunez" jokatzen ari direla iritzi dio: "Horrelako gai baten aurrean inportantea da kuantifikatzea; hau da, airearen kutsadura bere orokorrean hartu behar dugu". Aranaren esanetan, balorazio energetiko planta moderno bat izango da Zubietakoa eta "planta hauek dira gehien zainduta daudenak". Gainera, Zubietako plantak denbora errealean datuak jasoko dituela jakitera eman zuen.
Herritarren ikuspegia
Udalbatzarra 18:00etarako zegoen deitua, baina ordu erdi lehenago, 17:30ean, hiru herritarrek hartu zuten hitza gaiari buruzko euren ikuspuntua emateko. Zarautz Zero Zaborreko kide Bartolo Iribarrek azaldu zuen eurak eredu zirkularraren aldekoak direla, eta "Zero Zabor ereduaren hondakinen kudeaketa arduratsua izango litzatekeela, eta ez zentzugabea. Kudeaketa horretan bilketa eraginkorra bultzatu behar da, eta horrekin batera ikerketa eta garapena, eta azken zatiarentzako errefuxategiak".
Herriko guraso modura Eneko Belokik hitz egin zuen ondoren, eta kezkatuta agertu zen errauste plantak "gure eta gure seme-alaben osasunean izan ditzaken ondorio kaltegarriengatik". Hori horrela, errauste plantaren proiektua albo batera uzteko jarrera hartu beharko lukeela azaldu zuen, eta "beste alternatiba bat" bilatu beharko lukeela.
Azkenik, OEIT Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko kide Jabi Hernando aritu zen. Euren taldeak errausketak eta osasunak zer-nolako lotura duten ikertzen dutela jakitera eman zuen. Hernandok adieazi zuenez, "kalitate oneko" 20 ikerketetako emaitzak aztertu dituzte, eta "datu guztiek diote lotura dagoela errausketaren eta osasunaren galeraren artean".