Asteburuan izan dira herriko festarako lehenbiziko beroketak —Iñurritza jai batzordeak antolatuta, txakolin dastaketa, triki poteoa eta kantu afaria izan ziren, besteak beste—eta asteburu honetan murgilduko da guztiz jai giroan Zarautz, nahiz eta bihar irekiko dituzten txosnak. Hain zuzen, San Pelaio jaien hasiera ofiziala larunbatean izango da. Aurten, bezperan bertan, goizean ekingo diete ospakizunei. Gurekin Jai festa batzordeak, esaterako, goizerako antolatu du baltsa lasterketa eta eguerdirako paella lehiaketa.
Haurren 38. Agerraldia izango da aurtengoa, Haur Kultur Taldeak antolatuta: lau auzotatik aterako dira herriko gaztetxoak danborrak astintzen eta desfilean, 18:30etik hasita. Aurretik, eguerdian, Xabier Txurruka alkateak aginte makila emango dio zuzendari nagusiari udaletxeko balkoian. Aurten, Eider Gurrutxaga izango da, eta gorriz jantzita aterako da Vista Alegretik, Uxue Ostolazarekin batera. Beste zuzendariak ondorengo hauek izango dira: Azken Portutik Eneko Eizagirre eta Joakin Iparragirre, urdinez; Itxasmenditik Laura Royo eta Jon Agirre, horiz; eta Iñurritzatik Aide Elustondo eta Mireia Jauregi, berdez.
Musika Bandari omenaldia
Gauean, Helduen Danborradaren txanda izango da, eta aurten elkarte bat gehiago aterako da: Alkartasuna. Guztira, 12 elkartek hartuko dute parte egitasmoan, eta hauek 23:00etan abiatuko dira, ordu erdi geroago Lege Zaharren enparantzan elkartzeko. Danborradako ordezkariek Carballeira elkarteko Elixabete Larrañagari emango diote aurtengo San Pelaio Makila, eta Zarauzko Udalak omenaldi berezia egingo dio Zarauzko Musika Bandari.
Horretarako, bandako bi kide beteranoengan pertsonalizatuko du aitortza, eta Joxe Isasti eta Josepe Aristi izango dira bandera igoko dutenak udaletxeko balkoitik gauerdian. Gainera, Zarauzko Musika Bandak zuzenean joko du San Pelaioren ereserkia, garai batean bezala. Urtero bezala, Iñurritza jai batzordeak ere bandera igo eta txupina jaurtikiko du auzoan, hainbat ezustekorekin.
Berrikuntza gisa, erraldoien eta buruhandien lehen topaketa antolatu dute aurten San Pelaio Egunez, ekainaren 26an. Zarauzkoekin batera, Hondarribiko Izugarriak eta Bergarako Erraldoi Taldeak hartuko dute parte. Eguerdian, Lege Zaharren enparantzan elkartuko dira, eta arratsaldean, 17:00etatik aurrera, herritik Iñurritza auzora kalejira aterako dira.
Beste berrikuntzetako bat San Pelaio Bigarrenean izango da, hilaren 27an, haurren eta nerabeen egunean. Izan ere, nerabeentzat aisialdi parke bat antolatuko dute Ikastolako kirol gunean, haurrei zuzendutako ohiko puzgarriez aparte.
Egun horretan, jai herrikoien aldeko bazkaria egingo dute Munoan, eta jai giroak Lumatu gaitezen! lelopean jarraituko du. Iñurritzan asteartera arte luzatuko dituzte ospakizunak, gauerdian bandera jaitsi arte.