Igande arratsaldean, Hondarribiako uretan jokatu zen Gipuzkoako Ligako lehen jardunaldia. San Juan izan zen nagusi, eta haren atzetik Orio eta Hibaika sailkatu ziren, hurrenez hurren. Getaria-Zarauzko neska laugarrenak izan ziren, San Juangandik 30 segundora. Horrela jarraituz gero, Euskotren Ligan lehiatzeko postu bat lortzeko moduan egongo lirateke. Emaukumezkoen ligak gorakada ederra bizi du aurten, traineru kopuruari dagokionez, eta Donostia, Deustu, Hernani, Hondarribi eta Colindreseko traineruak ere lehiatu ziren.
Honako balorazioa egin du Nagore Arruti Getaria-Zarauzko arrunlari usurbildarrak, igandeko estropadaren inguruan: “Beti hobetzerik badago ere, sentsazioak onak izan ziren. Taldean argiago ikusi genuen zer landu behar dugun aurrera begira, denboraldi hasieran gure buruari jarri genizkion helburuak betetzeko. Hau da, Euskotren Ligan sailkatzea eta goian dabiltzan traineruengandik gertu ibiltzea”.
Mutilek ez zuten neskek bezain estropada ona egin larunbat arratsaldean, eta 10. postuarekin konformatu behar izan zuten Bilbao 716 Urteurreneko estropadan. Irabazlea Ondarru izan zen, eta Enbataren aurretik sailkatu ziren Orio eta Santurtzi, aurten aurkari zuzenak izango diren traineruak. Hala ere, itsasoan maila hobea eman eta bigarren txandan lehiatzeko itxaropena dute zarauztarrek, eta hori lortzeko entrenatzen jarraitzen ari dira.
Hurrengo nesken estropada Gipuzkoako Ligako 2. jardunaldia izango da, datorren larunbatean (ekainaren 25ean), Pasai Donibanen. Mutilek jardunaldi bikoitzak izango dute asteburuan: larunbatean Hondarribian, eta igandean, Getarian.