EH Bilduk migratzaile eta errefuxiatuen etorrera azkartzeko eskatu dio Espainiari eta EBri

Zarauzko Hitza 2016ko ekainaren 20a

Errefuxiatuen aldeko aldarrikapenekin bat egin du koalizioak eta herrietan antolatu dituzten ekimenei atxikimendua eman die.

Gaur Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela-eta, Zarauzko EH Bilduk migratzaile eta errefuxiatuen etorrera ez oztopatzeko eskatu die Espainiako Gobernuari eta Europar Batasunari. "Nahiz eta urtero kontuan hartu beharreko data den, uste dugu gaur egungo egoerak hausnarketa sakonago bat egitera behartzen gaituela".

Jakinarazi duenez, munduan 60 milioi errefuxiatu daude, gehienak Ekialde Hurbilekoak eta Afrikoak dira, baina "mundu mailako drama humanitarioa" dela nabarmendu du koalizioak. "Afganistan, Irak, Siria, Kurdistan, Sahara, Tibet... Herrialde eta eremu askotan dute jatorria errefuxiatuek. Egoera hauek guztiek komun dutena, ordea, gatazka politiko-militar eta sozioekonomikoek eragindako mugimendu migratorioak dira. Inor ez da borondatez bere herrialdetik irteten".

Egoera hori "Europak eta mundu mailako potentzia handienek hamarkadetan hartutako erabakien ondorioa" da EH Bilduren iritziz. "Europak, esaterako, nazioarteko legedia bihurritu eta giza eskubideen babesa bultzatuko lukeen jarrera humanistari eutsi beharrean, neurri polizial eta militarrak hartu ditu azken hilabeteetan".

Horren ondorioz, errefuxiatuen eskubideak "etengabe urratzen" ari dira Europan. "Gezur handi baten aurrean gaude, Europa bi aurpegirekin jokatzen ari delako. Errefuxiatuen babesle gisa agertu nahi du baina, aldi berean, errealitatea ezkutatu nahian dabil. Milaka gizon, emakume eta haur noraezean ari dira, estatu batetik bestera kanporatuta, bortxatuak, desagertaraziak, jipoituak... Eta hori guztia Europako estatuen babesarekin".

"Arduragabekeria eta giza eskubideen urraketa horren aurrean, herritarrok, bakoitza bere eragin
esparrutik, norberak eskura duen aukeraz baliatuta, errefuxiatuak diren pertsonei ongi etorria
eman beharrean gaude, aitortza, erreparazioa eta laguntza eskainiz".

Nazioarteko harremanen bestelako antolaketa aldarrikatzea ezinbestekoa dela dio. "Belaunaldiz belaunaldi
gerra eta erbestean ezagutu duen herri baten kideak garen heinean, elkartasuna gure balore
eskalaren goikaldean kokatzen dugu."

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide