Aldaketa berriak Manzisidor, Gipuzkoa eta San Frantzisko kaleetan

Zarauzko Hitza 2016ko ekainaren 17a

Manzisidor kalearen eta Gipuzkoa kalearen arteko bidegurutzea (Aritz Mutiozabal).

Datorren astelehenean egingo dituzte, aipatu kaleetako trafikoa hobetzeko.

Mugikortasuna eta segurtasuna hobetze aldera, Udal Gobernuak (EAJ-PNV eta PSE-EE) hainbat aldaketa egin ditu herrian azken hilabeteetan. Bizkaia kalea irekitzearekin "emaitza onak" izan dituen arren, Manzisidor eta Gipuzkoa kaleetako norabide aldaketek bestelako eragina izan dutela ikusi dute. Egoera hobetzeko, zuzenketa batzuk egingo dituzte datorren astelehenean.

Manzisidor kaleko norabidea mantendu egingo dute –hau da, Nafarroa kaletik beherantz–, eta aparkaleku kopurua handituko dute zati horretan, guztiak egoiliarrentzat jarriz. Manzisidorretik Gipuzkoa kalera iristerakoan, ezkerretara hartu beharko da derrigorrez, Iñurritzaranzko norabidean.

Salegi eta Gipuzkoa kaleen bidegurutzean, berriz, ezkerrera zein eskuinera joan ahal izango da, aldaketa egin aurretik bezala; orain, ezkerretara bakarrik joan daiteke. Horrez gain, Salegi kaletik San Frantzisko kalera ezingo da sartu ia asteburu osoan; larunbateko 13.00etatik asteleheneko 08.00ak arte itxi egingo dute.

Gainera, taxi geltokia Gipuzkoa kaletik Frantzisko kalera lekualdatuko dute; zamalana gunea ere bertan jarriko dute. Gipuzkoa kalean ere, Salegi eta Manzisidor tartean, zamalana gunea jarriko dute, eta zamalanen ordutegitik kanpo –larunbat eguerditik igandera– egoiliarrentzako gunea izango da. Halaber, Antoniano ikastetxeko haurrak eramaten dituztenentzat geldiunea egiteko espazioa izango da.

Bestalde, Gipuzkoa kalean, Villa Mundatik Manzisidor kalera doan tartean, Kale Nagusirantz doan erreian, debekatuta egongo da pasatzea, bizikleta, motor eta garajeetako jabeentzat izan ezik. Bertako aparkalekuak bizikleta eta motorrentzat izango dira. Kale berdinean, baina Iñurritzarantz doan erreia, aldiz, errotazio handiko gunea bihurtuko dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide