Bilbo 716. Urteurrena Banderaren lehiarekin abiatuko dute KAE 1 Liga, larunbat honetan. Bilbon jokatuko da, Deustuan, banakako erlujopekoan, 17:00etan hasita, eta bertan lehiatuko da Enbata trainerua. Emakumezkoen traineruek, Getaria-Zarautzek barne, igandean abiatuko dute Gipuzkoako Emakumezkoen Traineru Liga –Hondarribian izango dute estropada, 17:00etan–, eta ondoren, uztailaren hasieran, Eusko Tren Ligako lehen bi estropadak jokatuko dituzte, sailkatze probak direnak; Donostian eta Orion, alegia. San Juan jada sailkatuta dago, iazko txapelduna delako, eta hiru plaza egongo dira jokoan.
Igande honetan, Zarauzko Arraun Elkarteak aurtengo bi traineruak aurkeztuko ditu herrian. Ekitaldia Musika Plazan izango da, 12:00etan.
Zarautz
Aldaketa handiak izan dira Zarauzko Arraun Elkartean. Iazko denboraldia «ziklo baten amaiera» izan zela ikusita, Iñaki Mendizabal entrenatzailearekin ez jarraitzea erabaki zuten. Horrez gain, esperientziadun hainbat arraunlariren bajak izan dituzte: Enbata TKEn izan zen garaiko arraunlari Aitor Jauregi Naxi eta Ioseba Segurola Txoko-k utzi egin dute, baita taldean bost urte eman dituzten Kristian Erostarbek eta Joseba Azpirozek ere.
«Iaztik hona 25 urtetik gorako ia arraunlari guztiek utzi egin dute, eta aurten oso arraunlari oso gazte eta esperientzia gutxikoekin hasi dugu denboraldia», azaldu du ZAEko batzordekide eta patroi Gaizka Garmendiak. Joera horren aurrean, gazteekin ohitua zegoen entrenatzaile bat bilatu nahi izan dute, eta ardura hori Anjel Larrañaga tolosarrari eman diote. «Honek esperientzia du Tolosako gazte mailetan eta helduekin, eta Urdaibai eta Astillero traineruetan bigarren entrenatzaile gisa ere aritua izan da. Entrenatzaile aldaketarekin entrenatzeko modua ere aldatu egin da».
«Maila mantetzea da aurtengo helburua, eta ahal izanez gero, iazko emaitzak errepikatzea eta hobetu baldin badaitezke, hobetzea ere bai. Momentuz, lan zaila izango dela ikusten dugu, baina lehian hasi arte ikusteko dago», adierazi du ZAEko kideak. Aurten ere, iaz bezala, aurkari zuzenak Sartuntzi eta Orio B izango direla uste dute. «Zortzigarren eta bederatzigarren postuan aritzea espero dugu». Denboraldiaurreari 28 arraunlarirekin ekin zioten, baina arrazoi ezberdinak medio, 20 arraunlari ingururekin geratu dira. Dena dela, aurtengo denboraldiari aurre egiteko kopuru egokia dela iritzi dio Garmendiak.
Zarauzko Arraun Elkartearen helburua da gazte mailetan lan egitea, eta hortik etorkizuneko trainerurako arraunlariak osatzea. «Ekonomikoki zorrik gabeko elkarte bat gara, baina bonantza ikaragarririk ez dugu eta ez gara gai kanpotik arraunlariak erakartzeko, eta diruarekin behintzat asmorik ere ez. Beraz, etorkizuna da da gazteekin lan egitea. Jubeniletan eta kadetetan talde oso onak ditugu eta zain gaude mutil horiek ere noiz etorriko diren trainerura, egun gaudenoi bultzada bat eman eta gure maila igo diezaguten».
Getaria-Zarautz
Getaria-Zarautz EuskoTren Ligara begira aritu da lanean azken hilabetetan. «Badakigu sailkatzea helburu zaila dela, baina iaz baino eskuragarriago izan dezakegula uste dut», jakitera eman du Eneida Etxabe entrenatzaileak. Iaz ez zeukaten helburu hori, baizik eta «ikastea eta ahalik eta ondoen aritzea». Aurten ere ikuspegi bera dute, baina «ahal bada gorengo mailan lehiatu nahiko genuke», adierazi du.
Oro har, iazko arraunlari multzoa mantendu du Getaria-Zarautzek, joan-etorri batzuk tarteko. Aurten, ordea, prestatuagoak daudela uste dute, esperientzia gehiagorekin, eta hobetzeko lanean ari dira. Iaztik hona egindako jauzia nabarmena dela dio entrenatzaileak, taldea bera gorpuztuago ikusten baitu, eskarmentu gehiagorekin eta gogotsu.
Gipuzkoako Ligan «gerra eman» nahi dutela azaldu du Etxabe entrenatzaileak. Bi bandera irabazi zituzten iaz, «Eusko Treneko lau traineruek ez zituzten jokatu bi estropada horiek, baina oso polita izan zen guretzat. Egiten ari ginen lanaren aitortza». Pizgarri izan zirela nabarmendu du entrenatzaile getariarrak. «Nik sinatuko nuke Eusko Tren Ligan sailkatuko ez bagina, horrelako zerbait lortzea aurtengo denboraldian».