EAEko Adiskide Numerarioa izateko sarrera ikasgaia aurkeztuko du Xabier Alberdik

Zarauzko Hitza 2016ko ekainaren 16a

Xabier Alberdi historialari zarauztarra (Aritz Mutiozabal).

Igande honetan izango da ekitaldia, 17:00etan, Albaola Itsas Kultur Faktorian.

'Elkanoren sindromea'-ren gainditzea: euskal itsas historiaren ikerketa, ezagutza eta hedapena bultzatzearen beharra sarrera ikasgaia aurkeztuko du historialari zarauztarrak, EAEko Adiskide Numerarioa izateko. Ekitaldia Pasai San Pedron izango da, Albaola Itsas Faktorian, 17:00etan hasita, eta bertan, Alberdirekin batera, honako hauek hartuko dute parte: Albaolako lehendakari Xabier Agote, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Gipuzkoako presidente Juan Bautista Mendizabal eta EAEko Adiskide Numerario Fernando Txueka. Saioaren amaieran domina eta diploma jasoko ditu Alberdik.

Aro Berriko Euskal Itsas Historian espezializatuta dago, eta hainbat ikerketa zuzendu ditu ildo horretan; esaterako, Gipuzkoako portu gehienetan burututako hainbat ikerketa egitasmotan. 2010etik Getariako Udalaren eskutik Elkanoren Munduaren Lehen Itzuliaren V. Mendeurrenaren antolaketaren ardura duen batzordeko historia aholkulari lanetan ari da. Aldi berean, Albaola Elkarteko Ikerketa Saileko zuzendaria da eta hainbat ikerlanen ardura du. Ikerlan horien emaitzak hedatzeko, hainbat idazlan zientifiko ditu argitaratuak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide