Eskualdeko herri bakoitzeko bereizgarri gastronomikoa sustatu nahi du Kosta Gastronomika ekimenak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko ekainaren 14a

Txakolinaren ibilbidea egin dute eskualdeko turismo arloko arduradunek eta Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturainek. (Aiora Larrañaga)

Zarautzen Merkatu Plazako azoka izango da, eskualdeko baserritarren emaitza koloretsua ezagutzeko aukera emanez.

Mahastiz inguratuta eta Getariako portua atze-oihal izanda aurkeztu dute gaur eguerdian Kosta Gastronomika ekimena Getariako Elkano Txakolindegian. Eskualdeko herri bakoitzak produktu berezigarriak ditu gastronomiari dagokionean: Aian gazta, Getarian txakolina, Orion bisigua, Zumaian Flyscheko olagarroa eta Zarautzen eskualdeko baserritarrak biltzen dituen azoka, eskualdeko produktuen erakusleiho dena.

Horietan oinarrituta, Urola Kostako Udal Elkarteak esperientziak sortu ditu herritarrak eta bisitariak eskualdeko gastronomian murgildu daitezen. Modu horretan bailarako gastronomia balorean jarri nahi izan dute. Hasiera batean, uda sasoiari begira antolatu dituzte esperientziak, eta ostiralean egingo dute lehen esperientzia Orion. Dena dela, udal elkartearen eta turismo bulegoen asmoa urtean zehar ekimenari jarraipena ematea da.

  • Getarian Txakolinaren Ibilbidea. Hileko 1. eta 3. igandetan izango da, ekainaren 19tik irailaren 18ra bitartean, 11:00etan. Prezioa: 25 euro helduek eta 15 euro haurrek.
  • Orion bisigua prestatzen ikusteko eta dastatzeko esperientzia. Ekainean, uztailan eta abuztuan ostiraletan egingo dute, Katxiña, Joxemari eta Xixario erretegietan txandaka, 13:00etatik 14:00etara. Prezioa: 25 euro helduek eta 15 euro haurrek.
  • Zumaian Flyschean olagarroa nola harrapatzen duten ezagutu eta dastatzeko esperientzia. Ekainaren 18an; uztailaren 9an eta 23an; abuztuaren 6, 13, 20 eta 27an eta irailaren 10 eta 24ean. 11:30etik 13:30era bitartean. Prezioa: 15 euro helduek eta 10 euro haurrek.
  • Zarautzen azoka, eskualdeko baserritarren emaitza koloretsua ezagutzeko aukera. Astelehenetik larunbatera 08:00etik 13:15era eta 17:00etatik 20:15era irekita dago, eta herritarrek eskualdeko produktuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute bertan.
  • Aian oraindik ez da lotu esperientziarik. Herriko hainbat baserritan egiten da gazta, eta ekoizle horiekin hartu-emana izateko aukera eskainiko dute.

Esperientziaren batean parte hartu nahi dutenek, tokian tokiko turismo bulegoetan eman beharko dute izena.

 

Getariako Txakolinaren Ibilbidea

Kosta Gastronomia ekimenari hasiera emateko gaur Txakolinaren Ibilbidea egin duten Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udaletako turismo arduradunek, eta Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturainek. Elkano Txakolindegian abiatu dute esperientzia, eta bertako nagusiak mahastien inguruko azalpenak eman dizkie, bertako txakolina dastatu dute eta mokadutxoa jan. Ondoren, Agerre Txiki Txakolindegira joan dira, Getariako upategirik zaharrenera. Bertan garai batean txakolina nola egiten zen, zein motatako kupelak erabiltzen ziren, eta gaur egunera arte prozesua nola aldatu den azaldu diete udaletako turismo arduradunei. Azkenik, Gaintza Txakolindegian bukatu dute ibilbidea, eta bertan produkzioaren nondik norakoak azaldu dizkiete. Gainera, txakolindegi bakoitzean bertako txakolina dastatzeko aukera izan dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide