Iaz egin zuten lehenbiziko aldiz, eta, izandako «harrera ona» ikusita, iganderako antolatu dute berriz ere Tropela Hondartzan ekitaldia, Tropela elkarteak antolatuta. Horren helburua «galtzeko zorian» den ziklistatxoen eta kaniken jokoa berreskuratzea da.
09:30ean elkartuko dira itsas pasealekuan, Galtxagorri elkartearen parean zirkuituak prestatzeko. 11:30ean hasiko dituzte ziklistatxoen lasterketak, kaniken laguntzarekin.Hiruko taldetan jokatuko dute txapelketa eta partaide bakoitzak bere ziklistatxoarekin jokatuko du. Bi maila izango dira, adinaren arabera: 12 urtetik beherakoena eta 13 urtetik gorakoena.
Bakoitzak bere ziklistatxoak eta kanikak eraman beharko ditu. Halere, materiala lortzeko izan daitezkeen arazoak direla -eta, elkarteak hainbat ziklistatxo eta kanika jarriko ditu partaideen eskura.
Sari ugari banatuko dituzte: talderik azkarrenarena, zirkuiturik ederrenarena, ziklistatxorik dotoreenarena zein kiroltasunaren saria, besteak beste. Txiki Polit, Euskalduna eta Itxas-Lur jatetxeetan afaria eskuratuko dute helduen mailan irabazleek, eta Xibarta zein Kutixiko izozkiak haurrek.
Lasterketaren antolakuntza errazte aldera, parte-hartzaileek izena ematea komeni da, hondartzan.tropela.eus atariaren bidez. Webgune horretan aurki daiteke, era berean, txapelketako arautegia.
Vintage erakusketa
Txapelketaz gain, «lehengo txirrindularitzaren erakusleiho» gisa, erakusketa atonduko dute malekoian igandean. Bertan, eskuz margotutako berunezko ziklistatxoak; kromoak; aldizkariak; garai bateko Karpy ziklista taldearen materiala; kromoak; Juan Mari Tolinen argazkiak eta bestelako materiala izango dira ikusgai, goizean zehar.