Hasieratik oso eroso aritu zara. Igeriketako proban aurretik jarri zara, eta abantaila horri eutsi diozu bukaerara arte.
Bai, igerian irten naiz minutu bateko aldearekin, eta bizikletako atalean horri denbora tarte horri eutsi diot gutxi gorabehera. Lo hartu gabe, baina erregulatzen joan naiz. Korrika hasi naizenean, aldea zabaldu dut pixka bat eta gero eutsi egin dut bukaerara arte.
Lasterketaz asko gozatu duzula dirudi. Hasierako abantailak horretarako bide eman dizu, ezta?
Gozatu egin dut, zalantzarik gabe. Betiere ahal den neurrian. Gogor aritu behar baituzu, lorik hartu gabe. Baina, egia esan, gaur bildu den jendetza ikaragarria izan da, eta parte hartzaile guztiok gozatu dugu publikoaren erantzunarekin. Ni zarauztarra izanda, oilo ipurdia jarri zait ibilbidean zehar. Benetan gozatu egin dut.
Laugarren txapela etxean, eta laugarren aldia Olinpiar Jokoetan izango zarena.
Bai, zenbaki majikoa dela dirudi. laugarren txapela eta laugarren Jokoak. Aurtengo lau zenbakiaren urtea dela ematen du, eta oso gustura nago.
Azken unean eman zenuen izena Zarauzko Triatloian. Ezustea izan zen, jakinda Riorako prestatzen ari zarela eta proba hau zure distantziaren bikoitza. Nolatan erabaki duzu parte hartzea?Behin Jokoetarako sailkatuta, atsedena hartu nuen, entrenamendu luzeak eta karga handikoak egiten hasteko ondoren. Hori horrela, buruan neukan Zarauzko Triatloia egitea aukera bat zela, oinak errespetatzen baldin bazidan noski, Rioko Olinpiar Jokoetarako prestaketa gisa.
Rioko ibilbidea ere gogorra da, eta entrenamendu luze hauekin pentsatu nuen Zarauzko proba egin nezakeela. Ni uste dut ongi etorri zaigula. Izan ere, Fernando Alarza triatleta olinpikoa ere asmo berarekin etorri da, sasoi honetan entrenamendu gogorrak eta trinkoak egiten ari garelako.
Garaipen hau eta, era berean, herriak eman dizun bultzada pizgarri izango zaizkizu Riorako?
Bai, dudarik gabe. Garaipen honek poz handia ematen dit. Orain bi hilabete dauzkat aurretik, eta gaur irabazteak beste alaitasun eta ilusio bat ematen dit entrenatzeko. Orain, pare bat egunetan atseden hartuko dudan arren, entrenatzen jarraituko dut lorik hartu gabe. Girona aldera joango naiz segur aski, Jokoak prestatzeko asmoarekin.