Aurreko egunetan hondartzara jende ugari joan bada ere, etzi hasiko da ofizialki hondartza denboraldia. Aurten hainbat berrikuntza izango dira, Iban San Martin Zerbitzuetako zinegotziak ohartarazi duenez. Batetik, Gurutze Gorriak ekainaren 11etik irailaren 11era eskainiko du zaintza zerbitzua. Bestetik, ordutegia ere zabaldu egingo dute. Hain zuzen, aurreko urteetan baino orduerdi gehiago egongo dira sorosleak hondartza zaintzen: 10:30etik 20:00etara, alegia. Lehen 10:45ean hasten ziren lanean eta 19:45ean amaitzen zuten.
Aurreko urteetako surf eremuak mantendu egingo dituzte aurten. Bost izango dira guztira: Munoa, Eguzki Lore, Dama, Borghetto eta kanala. Gune horiek gutxi gorabeherakoak dira, itsasoa bera ere aldakorra baita. Surf eskolek, iaz bezala, gune batean edo bestean ikastaroak eskaintzeko erreserbak egin beharko dituzte, surfzarautz.org webgunearen bitartez.
Aurten ere, Gurutze Gorriak kontrolatuko ditu surf ikastaroak, 09:00etatik 20:00etara bitartean, astelehenetik igandera. "Hemen ere segurtasuna bermatu nahi dugu, eta horretarako surf arautegia aldatu dugu", dio Zerbitzuetako zinegotziak. Arauak zorroztu eta kontrol zehatzagoak egingo dituzte, "orain arte ez zirelako errespetatzen". Zarauzko Udalak kanonak jarri ditu, fijoak, eta surf eskolak hiru mailatan bereizi dituzte. Lehenbiziko mailako eskolek 3.000 euro ordaindu beharko dituzte. Multzo horretan sartuko dira lokala Zarautzen izan eta surf kategoriako irekiera lizentzia eskuratu dutenek.
Lokala udalerrian izan baina irekiera lizentzia merkataritzari lotuta baldin badute, horiek 4.500 euro ordaindu beharko dute. 9.000 euroko kanona ordainduko duten gainontzeko eskolek. "Honek aurrerantzean hondartzaren erabilera ordenatuagoa izateari bide ematea espero dugu", adierazi du San Martinek.
Beste berrikuntzetako bat-bateko isunak dira. "Egunean bertan inzidentzia baloratzeko aukera izango dugu, eta arau-hausterik egonez gero, hartu beharreko neurriak hartzeko aukera ere bai", dio. "Surf eskolak kontrolatuko ditugu eta, modu horretan, segurtasuna bermatuko dugu, bereziki, herritarrak seguru senti daitezen bainatzerakoan".
45 sorosletik gora lanean, txandaka
Guztira, Gurutze Gorriko 45-50 langilek jardungo dute aurten lanean hondartza inguruan, txandaka. Une oro 15 sorosle izango dira hondartzan, portuan bat itsasgora denean, uretako motorretan beste bi, hondartza burua eta osasun taldean beste hiru kide, erizaina, gidaria eta osasun-laguntzaile bat. Horiez gain, hiru bat soroslek surf ikastaroak zainduko dituzte. "Esan dezakegu Gipuzkoan ez dagoela halako baliabideak erabiltzen dituen beste hondartzarik", nabarmendu du Felix Zubia Zarauzko Gurutze Gorriko lehendakariak. Hori hondartzaren ezaugarriengatik dela dio. "Hondartza zabala da; arriskutsua, zurrubilo asko ditugulako, eta jende asko bertaratzen da". Segurtasuna bermatzea da sorosleentzat garrantzitsuena. "Egiten ez den erreskatea da erreskate onena", gogoratu du Zubiak.
Hondartzako erabiltzaileei errespetua izan dezaten eskatu die San Martinek, bai sorosleenganako eta baita gainontzeko erabiltzaileenganako ere. "Gure hondartzak zurrunbilo handiak ditu, eta iaz susto bat baino gehiago izan zen. Horren aurrean, kontuz ibili eta sorosleek une oro ematen dituzten argibideei kasu emateko eskatzen dizuegu".
"Saiatzen gara beti toki ziurrenak bainura doazenei uzten saiatzen gara, eta eskatu nahi diegu erabiltzaileei sorosleek emandako oharrak errespetatzeko", gaineratu du Zarauzko Gurutze Gorriko lehendakariak. Gogoratu du aurreko urteetan, ekainean, zehazki, zurrunbilo ugari izan direla, eta ondorioz, bainatzea "nahiko arriskutsua" izan dela. Baina aurten "momentuz" ez da halakorik izan. Hala ere, aurreko asteetan itsasoa bare egon dela gaineratu du, eta ezin dutela jakin itsasoa sartzen denean nola geratuko den. "Momentu honetan ez du itxura txarrik, baina hemendik 10 bat egunetara jakingo dugu zurrunbilo horiek nola dauden".