1993tik hasita, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako ikasleen lanekin erakusketa bat antolatu ohi dute urtero Zarauzko Sanz Enea kultur etxeko aretoan. Iaz, ordea, bertan behera geratu zen, egitasmoaz arduratzen zen Xabier Saenz de Gorbea kritikari, historiagile eta Arte Ederretako irakaslea erakusketa zabaldu baino egun batzuk lehenago zendu zelako. Aurten berriro ere heltzea erabaki dute, eta erakusketa ontzeko ardura EHUko Arte Ederretako irakasle Ismael Manterola zumaiarrari eskaini diote.
Manterolak egitasmoaren betiko ildoarekin jarraitzeko asmoa du, baina aurten, salbuespen moduan, «ziklo bat itxi» nahi izan du. Horretarako, Saenz de Gorbeak bi hamarkadetan antolatutako erakusketen laburpen moduko bat bildu nahi izan du, 21 urte, 21 artista. Xabier Saenz de Gorbearen omenez izenburupean. «21 urtetan 400 artistatik gora pasatu dira, eta horien artean urte bakoitzeko artista baten obra banarekin osatzea bururatu zait», adierazi du Manterolak. Egun aktibo jarraitzen duten artistak aukeratu ditu, eta, era berean, arte diziplina ezberdinetakoak: argazkia, pintura, bideoa, eskultura eta abar.
«Ez nuen erakusketa arkeologiko bat egin nahi; hau da, ez nituen bere garaian erakutsitako obrak berriz bildu nahi. Beraz, parte hartu duten artistei obra berri bat ekartzeko eskatu diet», nabarmendu du Manterolak. «Euskal Herrian gaur egun egiten ari denaren lagin bat litzateke, nolabait esateko». Dena dela, 1993an erakutsitako argazki bat paratu dute: Eduardo Sourrouillek garai hartan erakutsi zuen obra egungo erretratu handi batekin lotu nahi izan du.
Eskualdeko artistak
Aurtengo egitasmoan parte hartu duten artisten artean, Zuhar Iruretagoiena zarauztarraren eta Zumaiako Bigararen obrak ikus daitezke. Horiekin batera, honako hauek daude: besteak beste, Julen Alberdi, Elssie Ansareo, Colaborabora, Iñaki Garmendia, Maite Leyun, Laurita Siles, Jon Otamendi eta Edu Hurtado. Aurreko ostiralean ireki zuten erakusketa eta uztailaren 10a arte dago, 18:00etatik 20:00etara.