Asteburu honetan Athleticeko emakumezkoak Ligako txapeldun izan dira bosgarren aldiz. Zarauzko emakumezkoen futbolarentzat ez da huskeria bat; izan ere, Zarautz Kirol Elkartetik datozen bi jokalari Ligako txapeldun izan dira lehenbiziko aldiz eta datorren urtean Champions-a jokatuko dute. Laura Gomez gehitu behar zaie horiei. Hiru aldiz izan zen hori Ligako txapelduna eta Bartzelonarekin hiru kopa irabazi zituen, Champions-a pare bat aldiz jokatuz.
Hala, urte gutxian 30.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrian hiru jokalari izan ditugu Ligako txapeldun. Horiez gain, jokalari asko dira lehen mailan, Euskadiko Selekzioarekin zein Espainiakoan debuta egin dutenak. Horien adibide da Oihana Galdona; Europako Txapelketa irabazi zuen selekzio horrekin.
Hiru txapeldunak, ordea, icebergaren punta besterik ez dira. Lan gogorraren ondorioz eta garai hartako muga guztien—garai hartan futbola bezalako kirola oso matxista zen— kontra borrokatuz osatutako icebergaren punta.
Aitzindari haiek emakumezkoen Zarauzko futbolean egindako lanak eman ditu bere fruituak; Irenek eta Maitek gogor lan eginda lortu dute titulua. Klubean ikasi duten iraunkortanaren eta gorputz eta arima aritzearen fruitua dira.
Zarautz K.E. erreskatatu zuen Irene, Ilintxak emakumezkoen taldea desagerrarazi eta atletismora begira jarri zenena. Elkartean urtebete ere ez zeramanean, Realarekin lehen mailara igotzeko gai izan zen.
Maite, lau anai artean—horiek ere elkarteko jokalariak ziren— emakumezko bakarra, buru-belarri aritzearen eta gainditzearen eredu da. Hiru lotailu-haustura gainditu ditu eta Estatu mailan goi mailan jokatzen jarraitzen duen jokalari bakarra da. Bere ibilbidearen amaieran, azkenean merezitako titulua eskuratu du.
Bere aldetik, Laura Gomez aipatu beharra dago. Euskaditik ateratzeko ausardia izan zuen eta Bartzelona bezalako talde handi batean etorkizuna ateratzekoa.
Eurak izan dira casteller baten puntaraino igotzea lortu dutenak. Garaipen hori lortzeko jende askoren sakrifizio eta amodio propioa dago oinarrian. Hala ere, hori guztia ez litzateke posible izango Agustin Mujika Belmonte prozesuan egon ez balitz. Jokalarien talentua eta sakrifizioari entrenatzaile horren jakinduria gehitu behar zaio. Bateratze perfektua izan da garaipen historiko hori lortzeko. Gipuzkoako entrenatzaile onenarekin kontatu izanak egin du posible hori guztia.