Bilboko, Gasteizko, Iruñeako, Leioako, Zarauzko eta Hendaiko udalek; Lapurdiko Errobiko Mankomunitateak eta Nafarroako Quiero Teatro antzerki sustatzaileak osatu dute plataforma hori, Pirinioen bi aldeetan kaleko arte eszkenikoen sorkuntza lanak bultzatu eta laguntzeko helburuarekin. Zehazki, hasten ari diren profesionalak edo profesional izateko bidean direnak eta espazio publikoan jarduten duten Euskal Herriko talde, artista edota konpainien sormen lan bat bultzatu nahi dituzte.
Horretarako, laguntza ekonomikoa—12.000- 16.000 euro— eta teknikoa eskainiko dute sustatzaileek. Horrez gain, 2017an euren herrietan antolatuko duten jaildi handietan proiektua emateko konpromisoa hartu dute. Zarautzen kasuan, esaterako, Kalerki antzerki topaketan.
Interesa dutenek plataformaren webgunean sartu beharko dute eta inprimakia jaitsi. Hori bete ondoren, karrikan@karrikan.eu helbidera bidali beharko da, espedientearekin batera. Balio berezia emango zaio kaleko ikuskizuna kontzeptuari. Diziplina guztiak onartuko dira: antzerkia, dantza, zirkua, besteak beste. Hala ere, lehentasuna emango diete testurik gabeko edo euskarazko egitasmoei. Halaber, formatu txiki edo ertaineko ikuskizunak baloratuko dituzte. Planteamendu artistikoaren originaltasuna eta zorrostasuna izango dituzte kontuan, eta baita bideragarritasuna ere. Horrekin batera, artisten edo konpainiaren bizilekua eta zuzendari profesional baten laguntza jaso izana edo kanpoko ikuspegia ere hartuko dute kontuan.
Ekainaren 18ra arte aurkeztu ahalko dira proiektuak. Uztailean aukeratuko dute irabazlea, irailetik maiatzera sortzeko erresidentziak iango dira eta 2017ko maiatzera ikuskizuna estreinatuko dute. Maiatza eta iraila bitartean plataformako kideen jaialdietan erakutsiko dute ikuskizuna.