Bikote akustikoa izatetik laukote rockeroa izatera igaro da Zarauzko taldea. Formatu horretan eman dute argitara Lerroetatik ihes euren bigarren diskoa: hamar abesti jaso dituzte bertan, eta hainbat lagunen kolaborazioak izan dituzte; besteak beste, Erantzun taldeko Xan, Humus taldeko Natalia eta Inoren Ero Ni taldeko Okene Abrego.
Lan berriaren aurkezpen bira antolatu dute, eta estreinaldia gaur egingo dute Gasteizko Parral tabernan, 20:00etan hasita. Ondoren, beste lau emanaldi izango dituzte jarraian: ostegunean (ekainak 9), Oñatiko Antixena gaztetxean, 21:00etan; ostiralean (ekainak 10), Durangoko Sapuetxe gaztetxean, 21:30ean; larunbatean (ekainak 11), Zarauzko Putzuzulo Amets Fabrikan, 22:30ean; eta igandean (ekainak 12), Leitzako Torrea herriko tabernan, 19:30ean.