Hilaren 18an, larunbatean irtengo dira mendizaleak Zarauztik, 06:00etan Agoueseneko biribilgunetik. Ordu laurden lehenago agertzeko eskatu dute eta motxila eta gainerako ekipajea bereizita eramateko lehen ibilaldirako. Ernazeko lepora helduko dira eta handik hartuko dute Auñamendirako bidea. Batikotxe lepoa (2.025 metro) igaro ondoren, Auñamendira (2.504 metro) helduko dira. Leskunerako bidea jarraituz jaitsiko dira, Anies lepoa (2.090 metro) igaroz. Guztira, 14,4 kilometro egingo dituzte, 6-7 ordutan.
Bigarrengo egunean, Lizako aterpetik abiatuko dira eta Paso del Caballotik igarota, Paso del Osora iritsiko dira. Aldapa igota, Huerto lepoan izango dira eta handik Mallo de Acherito (2.378 metro) gailurrera igoko dira. Huertotik jaitsita, Foyas de Ingeniero aldera hartuko dute Petretxemaren azpitik Lizara heltzeko. Ibilbide hau aurreko egunekoa baino zertxobait laburragoa izango da, 13 kilometrokoa. 5-6 orduan burutuko dute.
Isabako Oxanea aterpetxean hartuko dute ostatu, eta mendizaleek ohiko ekipajeaz gain, maindireak edota lo zakuak zein bi egunetarako mokadua eta ura eraman beharko dute.
Izena emateko beharrezkoa da federatuta egotea. Federatu gabe daudenei izapideak egingo dizkiete. Elkarteko webgunearen bidez egin daiteke eskaera edota ordezkariekin harremanetan jarri 943-132911 telefonora deituta zein pagoetame@gmail.com helbidera idatzita.
Elkarteko bazkideek hilaren 6, 7 eta 8an eman dezakete izena eta bazkide ez direnek, berriz, ekainaren 9an eta 10ean. Elkartera jo beharko da izena emateko, 20:00etatik 21:00etara. 25 urtetik beherako bazkideek 60 euro ordaindu beharko dituzte eta bazkide ez direnek 65 euro. 25 urtetik gorako bazkideek, berriz, 85 euro eta 5 euro gehiago bazkide ez direnek. 2095 5076 48 1065685215 (Kutxabank) eta 3035 0029 65 0290015562 (Laboral Kutxa) kontu korronteetan egin beharko dira ordainketak.