Bihar emango diote asfaltatze planari hasiera. Mendilautan hasiko dira lanekin, eta Aresti kalea izango da zerrendako lehenbizikoa. Auzo horretako lanak amaitu ondoren, astelehenean Alde Zaharrean jarraituko dute asfaltatze lanekin. San Frantzisko kalea asfaltatuko dute eta arratsaldean, berriz, Foruen plaza. Lanak egingo dituztela aprobetxatuz, plaza horretako norabidea ere aldatuko dute. Aurreikusi dute astearterako amaituko dutela obrekin.
Lanek irauten duten bitartean, aldaketak izango dira kale horietan. Hain zuzen, San Frantzisko kalea itxita egongo da astelehenean, 08:00etatik aurrera. Foruen plaza astearte arratsaldean itxiko dute. Bi egun horietan Lege Zaharren enparantza zabalduko dute zamalanetarako, 08:00etatik 20:00etara. San Frantzisko itxita egongo denez, Santa Marinako sarbidea irekiko dute astelehenean, eta asteartean Zigordia kaletik ere sartu ahalko dute Lege Zaharren enparantzara. Asteazkenetik aurrera Hegoalden jarraituko dute asfaltatze lanekin.
Iban San Martin Obra Txikien zinegotziak gogoratu dira asfaltatze lan hauek ez direla herrian aurten egiten diren lehenbizikoak: "Agintaldi hoentan premia zuen bide bat asfaltatu genuen: Astikoa. Eta orain herrian zehar beharrezkoa den guneetan jarraituko dugu lan horiekin. Datozen urteetan ere hala egingo dugu, bai Alde Zaharrean eta baita auzo desberdinetan ere. Zamalanak direla-eta, Foruen plazan zulo ugari daude eta horregatik lehentasuna eman nahi izan diogu plaza horri". Orsa enpresa arduratuko da obra horiek egiteaz, 181.447,97 euroko aurrekontuarekin.