Diziplina gehiagotara zabaldu dute Daniel Txopitea sorkuntzarako beka

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko ekainaren 1a

Jose Antonio Legorburu, Ainize Txopitea, BegoƱa Zendoia, Maria Jose Aranzasti eta Nekane Iribar, Txopitearen Ziklope zaindaria eskulturaren parean, Nafarroa kaleko biribilgunean.

Parte-hartzea handitzea da, besteak beste, helburua. Ekainaren 30era arte aurkez daitezke lanak. Proiektuak, gutxienez, hiru hilabete iraun beharko du.


Laugarren urtez Daniel Txopitea sorkuntzarako beka emango du Zarauzko Udalak. Aurten, berrikuntzekin dator; izan ere, diziplina anitzetako proiektuak aurkeztu ahalko dira. «Orain arte diziplina bati lotutako lanak aurkeztu zitezkeen. Aurten zabaltzea erabaki dugu, batetik, parte hartzea handiagoa izan dadin eta, bestetik, diziplina desberdinak gehitzeko», adierazi du Nekane Iribar Kultura zinegotziak.

Hala, marrazketa, pintura, eskultura, argazkigintza, zinema, bideoa, diseinu grafikoa, moda, artisautza, dantza, musika, antzerkia eta bestelako diziplinetako lanak aurkezteko aukera izango da aurten.

18-30 urte bitarteko gazteek hartu dezakete parte, eta kontuan izango da eskatzailea Zarautzen erroldatuta egotea, hiru hilabetez gutxienez. Hala ere, irizpide hori ez da baztertzailea izango. Beka eskuratzen duenak 3.000 euro jasoko ditu proiektua garatzeko. Epaimahaiak, besteak beste, proiektuaren interesgarritasuna, kalitatea eta originaltasuna; Zarauzko ikus-arteei egiten dien ekarpena; euskara lehenestea eta genero berdintasuaren alorrean eragin positiboa izatea baloratuko du.  Interesa dutenek ekainaren 30era arteko epea izango dute lanak aurkezteko. Beka horri esker garatuko den proiektuak gutxienez hiru hilabete iraun beharko ditu.  

«Aukera paregabea»
Daniel Txopitearen alaba Ainizek nabarmendu du beka hori «aukera paregabea» dela artistek esku artean duten edo sortu nahi duten proiektu bat bultzatzeko. «Laguntza handia izan daiteke proiektu artistiko bat garatzeko». Harekin bat egin du Maria Jose Aranzasti arte historialariak.  Gogoratu du haren laguna, Txopitea bera, alor anitz lantzen zituen artista zela: «Errealismo magikoaren garaiko artista izan zen Txopitea. Pintore handia izateaz gain, poesia eta literatura ere asko gustatzen zitzaizkion. Jorge Oteizarekin izandako harremana medio, eskultura ere landu zuen». Zentzu horretan, beka zabaltzeak «aukera asko» emango dizkie artista gazteei.

«Iragana gogoratu eta aitortzea bidezkoa da, eta baita sortzen jarraitzen dutenak laguntzea ere», nabarmendu du Txopitearen alargunak, Begoña Zendoiak. Hark ere artistak animatu ditu beka eskatzera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide