Ekoliok hitzarmena sinatu du Kilometroak 2016rekin

Zarauzko Hitza 2016ko maiatzaren 31

Lankidetza hitzarmenaren sinaketa atzo, Bergaran.

Bildutako olioren salmenten %10 Kilometroak jaiaren helburu ekonomikoak betetzen laguntzeko emango du Ekoliok.

Bergarako Aranzadi Ikastolak antolatu ditu aurtengo Kilometroak, eta atzo eguerdian Kilometroak Kultur Elkarteak eta Zarauzko Ekoliok lankidetza hitzarmena sinatu zuten. Bertan hartu zuten parte Kilometroak 2016ren koordinatzaile Ekaitz Aranberrik, Ekolioko ordezkari Mikel Larrañagak eta Alain Sabalzak, etaKilometroak Kultur Elkarteko lehendakari Arantza Manterolak.

Arantza Manterolak adierazi zuenez, Ekolioko kideak zuzendu zitzaizkien olio bilketaren alorrean lankidetzarako zenbait proposamenekin. Kilometroak Kultur Elkarteak gaia aztertu eta ingurugiroaren alorrean darabilen sentsibilizazio lanaren ildoarekin bat egiten duela ikusirik, aurrera egitea erabaki zuten.

Alain Sabalzak, bere aldetik, Ekolioren berri eman eta hitzarmenaren mamia azaldu zuen. Biodiesela egiteko sukaldeko landare olioa doan jasotzen duen proiektu "ekosoziokulturala” dela adierazi zuen. “Herritik jasotakoa herriari itzultzea”  da haien filosofia, eta, hori horrela, bilduko den olioren salmenten %10 Kilometroak jaiaren helburu ekonomikoak betetzen laguntzeko emango dutela jakinarazi zuen.

Kilometroak egunean olio biltze masiboa antolatzekoak dira Kilometroak jaiaren egitura Jasangarritasun eta Ingurugiro batzordearekin lankidetzan. Hitzarmena urtebeterako sinatu badute ere, irauteko bokazioarekin sortu dela lankidetza jakinarazi zuten bi aldeek.  

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide