4. urtez Daniel Txopitea sorkuntza beka emango du Zarauzko Udalak. Aurten, berrikuntzekin dator; izan ere, diziplina anitzetako proiektuak aurkeztu ahalko dira. "Orain arte diziplina bati lotutako lanak aurkeztu zitezkeen. Aurten zabaltzea erabaki dugu, batetik, parte hartzea handiagoa izan dadin eta, bestetik, diziplina desberdinak gehitzeko", adierazi du Nekane Iribar Kultura zinegotziak. Hala, marrazketa, pintura, eskultura, argazkigintza, zinema, bideoa, diseinu grafikoa, moda, artisautza, dantza, musika, antzerkia eta bestelako diziplinetako lanak aurkezteko aukera izango da aurten.
18-30 urte bitarteko gazteek hartu dezakete parte, eta beka eskuratzen duenak 3.000 euro jasoko ditu proiektua garatzeko. Interesa dutenek ekainaren 30era arteko epea izango dute lanak aurkezteko.