Zineman trebatzeko egonaldia Igerain aterpetxean

Zarauzko Hitza 2016ko maiatzaren 24a

18 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago Zineleku programa, eta uztailaren 23tik abuztuaren 1era bitartean egingo dute.

Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiek Zineleku programa antolatu dute elkarlanean. Diziplinen arteko prestakuntza eskaintzea du helburu ikus‐entzunezkoen alorrean etorkizuneko sortzaile izan nahi dutenei. Kalaka Lab profesionalen eskutik garatuko da proiektua, eta partaideak Zarauzko Igerain aterpetxean egongo dira hamar egunez, uztailaren 23tik abuztuaren 1era bitartean.

Bertan, honako landuko dute: zinema lantegiak, profesional zinematografikoen eskola magistralak eta bestelako arte diziplinak. Era berean, proiekzioetan, performancetan eta kontzertuetan parte hartzeko aukera izango dute.

Irakasleen artean, berriz, hauek ariko dira: Joxe Mari Goenaga, gidoia eta errealizazioa, Maider Oleaga, gidoiaren praktika, Juan Arrosagaray, errealizazioaren praktika, Kepa Sojo, sortze-prozesua, Garbiñe Ortega, zinemako programazioa eta komisariotza eta Pere Ginard, ohiko eta esperimentaziozko animazioa. Katixa Agirre, Idoia Zabaleta eta José Luis Rebordinos ere izango dira gonbidatu berezi gisa.

Programan parte hartzeko toki batzuk geratzen dira oraindik. Zinema, ikus-entzunezkoen artean edo komunikazioan eta arte ederretan interesa duten 18 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago batez ere.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide