"Nola erraztu eta arindu herritarrek udalarekin duten harremana? Hori izan da Herritarren Arreta Zerbitzua sortzearen funtsa". Zarauzko Udalak herritarrei "arreta onena eta egokiena" emateko asmoz Etxezabalako behe solairuan sortu duen gune berria da HAZ. Gaur egin dute inaugurazioa eta bertan izan dira egungo udal ordezkariak, udal ordezkari ohiak eta udal langileak ere. Xabier Txurruka alkateak adierazi duenez, "duela urte batzuk hasitako erreflexiotik abiatutako prozesu luze baten ondorena" da zerbitzu berria. "Zarauzko Udalak aurrez oso egoki egiten zuen lan, baina ikusi genuen harreman horiek errazagoak, eraginkorragoak, irekiagoak eta arinagoak izan zitezkela". Gizartea aldatzen doan heinean, udalak ere "modernizatu" egin behar zuela nabarmendu du Txurrukak, eta horregatik, aurreko agintalditik jarri zutela abian HAZ sortzeko prozesua.
Inauguratu berri duten zerbitzuak hiru helburu nagusi ditu. Batetik, erreferentziazko zerbitzua izan nahi du zarauztar guztientzat. Bestetik, izapideak erraztu nahi ditu. Eta azkenik, udal zerbitzu gehianak gune bakar batean biltzea. "Batzuetan kokaleku ezberdinetara jo behar izaten dute herritarrek modu bateko edo besteko tramiteak egiteko. Guztia zentralizatu nahi izan dugu; Herritarren Arreta Zerbitzutik bideratuko dira izapide gehienak".
Aurrerantzean, besteak beste, erroldako tramiteak—aktak, aldaketak, errolda agiriak...— eta lizentziak zein aurrekomunikazioak egin ahalko dira HAZren bitartez. Halaber, zergak, tasak, prezio publikoak eta isunak zuzenean ordaintzeko aukera izango da bertan kokatu duten makina baten bidez eta baita diru-laguntzak, ezkontzak eta hileta zibilak bertatik kudeatzekoa; ikastaro, lehiaketa zein jardueretan izena ematekoa eta zinegotzi zein teknikariekin hitzordua hartzekoa ere. "Helburua da eserlekuan behin eserita ahal dugun prozedura gehienak hasi eta bukatzea", nabarmendu du Jesus Arana HAZeko arduradunak.
Horrekin batera, aldundiaren erregistro gisa ere funtzionatuko du. "Beraz, aurrerantzean HAZeko erregistroan sartu ditzazkezue eskaerak Donostiara joan beharrean".
Erronka: zerbitzua telematikoki ere ematea
Astelehenetik aurrera 07:30etik 15:00etara izango da HAZ zabalik astelehenetik ostiralera. Ostegunetan, arratsaldez ere irekita egongo da, 19:00ak arte. Zarauztik deituz gero, 010 zenbakia markatu beharko da aurrerantzean udalarekin harremanetan jartzeko, eta 092 zenbakia Udaltzaingora deitzeko. Zarauztik kanpo, orain arte bezala, 943-005100 telefonora deitu beharko da erakundearekin harremanetan jartzeko.
Aurrera begira ere, beste erronka bat dutela ohartarazi du Aranak: hilaren 23tik aurrera HAZen egin ahalko diren tramiteak poliki-poliki zarautz.eus web orriaren bidez ere egin ahal izatea, hain zuzen. "21. mendean denok ditugu gailuak eta gure helburua da agintaldi honetan ahal ditugun zerbitzu gehienak telematikoki ere eman ahal izatea udaleko webgunearen bidez".
Herritarra gune berri horretara sartzerakoan egin beharreko prozesua "oso sinplea" izango dela dio HAZeko arduradunak: sarrerako makinan txanda-papera hartu, zain egon eta egokitzen zaionean moldatu dituzten zazpi mahaietako batean egingo diote harrera. Gunea egokituta dago eta irisgarria da, eta entzumen arazoak dituztenentzat ere sistema berezi bat jarri dute eragozpenik izan ez dezaten tramiteak egiterakoan.
"Ez da obra soil bat"
Prozesuak "lanketa garrantzitsua" izan duela adierazi du Zarauzko alkateak, ez dela izan "obra soil bat egitea". "EUDELen barruan abian jarri zuten erreflexio bat izan zen. Beste udal batzuk ere hasi dira halako zerbitzuak prestatzen. Eta testuinguru horretan, beharrezkoa ikusi genuen Zarautzek ere modernizazio horri heldu eta zerbitzu hau abiaraztea".
Hori dela eta, EUDELekin harremanetan hasi ziren udal teknikariei eskerrak eman dizkie. "Udal langileok gogor egin duzue lan azken bi urte hauetan proiektu hau errealitate bihurtzeko". Alkateak jakinarazi duenez, lan taldeak banaka-banaka identifikatu eta aztertu ditu tramite administratibo guztiak eta ondoren, horietatik zein kendu, zein bateratu eta nola sinplifikatu aztertu dute.
Horrekin batera, HAZ martxan jartzen gidaritza lana egin zuten arduradun politikoei ere eman dizkie eskerrak. Zentzu horretan, aurreko agintaldian proiektuaren hastapenetan Jabier Etxaburu zinegotzi ohiak izandako konstantzia aitortu du.
"HAZ gaur jaio da baina denok ikusi nahi dugu hobetzen eta hazten. Ardura guztiona izango da, guztion artean egin dugulako HAZ", nabarmendu du.