Udaberriko zikloaren barruan, Jorge Campanillas abokatuak hitzaldia emango du bihar Interneten pribatutasunari buruz, Internetaren Eguna dela aitzaki hartuta. ZarautzOn elkarteak antolatutako hitzordu horretan sarean pribatutasuna mantentzearen garrantzia nabarmenduko du eta aholkuak eman teknologia berrien erabilera arduratsua egiteko. 19:30ean izango da, Antoniano aretoan.
Larunbatean, Iruñeara
Hitzaldiaz gain, larunbaterako irteera antolatu du ZarautzOnek. Parte-hartzaileak Iruñea-Veleiako aztarnategi arkeologikoa bisitatuko dute. 09:30ean irtengo dira Zarauztik, Karmelitetatik, eta 11:00etan hasiko dira bisita gidatuarekin. Juan Martin Elexpuruk eskainiko du, Euskal Filologian doktore eta SOS Iruñea-Veleia elkarteko kideak, hain zuzen.
13:30ean Langraitzen bazkalduko dute eta ordubete beranduago proiekzioak eta eztabaida izango dira. 18:00-18:30 inguruan hartuko dute autobusa udalerrira itzultzeko.
Irteeran parte hartu nahi dutenek 630-906795 telefonora deitu dezakete edo txominlasai@gmail.com helbidera idatzi. 50 euro kostako da.