Auzoz auzo ekimena Vista Alegrera helduko da astelehenean

Zarauzko Hitza 2016ko maiatzaren 13a

Bi aste iraungo dute Vista Alegre auzoa txukuntzeko lanek.

Agintaldi honetan egingo dituzte asfaltatze lanak eta igogailua.

Auzoz auzo ekimenaren barruan, astelehenetik aurrera Vista Alegre auzoa hobetzeko lanak egingo dituzte. Bi aste iraungo dute, eta besteak beste, garbiketa lanak egingo dituzte, farolak ordezkatu eta konpondu eta baita kutxatilak zein zintarriak ere.

Udaleko baliabideak modu bateratuan erabiliz, herriko auzoetako egoera hobetzeko jarri zuen martxan Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) Auzoz auzo ekimena. "Modu honetan lan eginez, garbiketa, konponketa eta mantenu lanak eraginkorragoak dira", nabarmendu du Iban San Martin Obra Txikien eta Zerbitzuen zinegotziak.

Irailean egin zuten lehenbiziko lanketa, Itxasmendin, eta ondoren, Mitxelenan, Zelai Ondo, Aritzbatalde eta Azken Portu Goian ere egin dituzte esku hartzeak. Vista Alegreko lanekin amaitu ondoren, hurrengo hilean Mendilautan eta itsas pasealeku ingurua txukunduko dituzte. San Martinek aurreratu du ekimen hori agintaldi osoan mantentzeko asmoa dutela, guztira, 12 auzotan esku hartuz.

Asfaltatzea eta igogailua

Obra Txikien eta Zerbitzuen zinegotziak jakinarazi du 2017an egingo dituztela Vista Alegren asfaltatze lanak biribilgunea zein bidegorria hobetzeko, bizilagunen eskaerari erantzunez. Horrekin batera, auzoko irisgarritasuna ere hobetuko dute datorren urtean, San Martinek nabarmendu duenez. Gogoratu du duela gutxi onartu dela Visesa eta Zarauzko Udalaren arteko akordioa, Eusko Jaurlaritzako sozietate horrek Aldapetan etxebizitzak sustatzeko. Eta horren barruan, aurreikusten da Vista Alegreko igogailua ere eraikitzea. 2017an hasiko dituzte lanak Aldapetan eta 2019rako egongo dira amaituta, aurreikuspenen arabera. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide