Zarauzko Udaleko Gazteria eta Hirigintza sailek aisialdirako gazteen elkarguneak arautzeko udal ordenantzaren zirriborroa osatu dute. "Hainbat gaztek azken urtetan lokaletan biltzeko ohitura hartu dute, eta lokal horietan jarduera ekonomikorik ez dagoenez, ikuskaritza lan guztietatik kanpo geratzen dira", jakinarazi dute. Hori dela eta, udalak gune horien erabilera arautu nahi du, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko eta inguruan bizi diren herritarrekin elkarbizitza egokia sustatzeko. "Horrelako lokalen erabilera egokia izatea ez da bakarrik bertan elkartzen diren gazteen ardura; izan ere, eraikinetako bizilagunei, lokalen jabeei eta, kasu askotan, gazte horien gurasoei ere eragiten die", nabarmendu du Gazteria zinegotzi Jonan Urdangarin Urrutiak.
Horregatik, ordenantza onartu aurretik, gazte, guraso, lokalen jabe eta bizilagunen ekarpenak jasotzeko bilera irekia egingo dute. Asteazkenean Aritzbatalde kiroldeko aretoan izango da, 19:30ean.
Egun hori bitartean ere proposamenak egin daitezke. Horretarako, Zarauzko Udaleko webgunean zintzilikatu dute zirriborroa. Hori aztertu eta ekarpenak o-leizaola@zarautz.eus helbidera idatziz egin daitezke. Bileran parte hartu nahi dutenek ere helbide horretara idatzi dezakete, bertaratuko direla jakinarazteko.