1990ko maiatzaren 17an kendu zuen Osasunaren Munduko Erakundeko Batzar Nagusiak homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik. Horregatik, maiatzaren 17an Homofobiaren eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da. Egun horri lotuta, hainbat ekintza antolatu dituzte Zarautzen. Bihar Barro Rojo antzezlana eskainiko dute Modelon, Parekidetasun sailak antolatuta. Gay eta lesbianek kontzentrazio esparruetan bizitako egoerak ditu ikuskizunak oinarrian. 22:00etan izango da eta sarrerak bost euro balioko du.
Egunean bertan, ostadar banderak jarriko dituzte udaletxean eta herriko ikastetxeetan, La Salle, Orokieta, Salbatore Mitxelena, Aiala, Lizardi, Oteitza, Monte Albertia eta Antonianon, hain zuzen. Era berean, ikastetxeetako ikasleek elkarretaratzeak egingo dituzte banderekin, Berritzeguneak eta Parekidetasun sailak koordinatuta.
Horrekin batera, astean zehar ere aniztasuna, errespetua eta tratu onak landuko dituzte LHko eta DBHko ikasle zein irakasleek. Horren helburua desberdintasunarekiko errespetua landu eta onartzea dela azaldu du Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak: "Indarkeria sexista ez da soilik emakumeenganakoa, baizik eta gehiengoak ez duen portaera-sexuala adierazten duenaren kontra. Indarkeria sexistari aurre egin behar diogu. Horregatik, herritarrak animatu nahi ditut biharko antzezlana ikustera eta hilaren 17an elkarretaratzetan parte hartzera, aukera sexual guztiei errespetua aldarrikatzeko".