Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) hainbat aldaketa proposatu ditu TAO sisteman, "errazagoa, eraginkorragoa eta sinpleagoa" izan dadin. "Aldaketak sistema hobetzeko dira eta hori osatzeko hainbat herritar eta auzo elkarterekin bildu gara, haien kezkak ezagutzeko", adierazi du Maite Garrastazu Mugikortasun zinegotziak. Aldaketak onartuz gero, bi urte sasoitan banatuko dute TAO zerbitzua, eta udakoa zabaldu egingo dute. Hala, ekainaren 15etik irailaren 30era egongo da indarrean. Negu garaian errotazio altuko guneetan eta egoiliarrenetan egongo da araututako aparkaleku zerbitzua.
Udal Gobernuaren proposamenarek arabera, aparkaleku arautuak zazpi zonaldetan banatuta egongo dira uda honetatik aurrera: lehenbizikoa Alde Zaharrekoa izango da; bigarrengoa Vista Alegrekoa; hirugarrengoa Azken Portukoa; laugarrengoa Zelai Ondo, Aritzbatalde, Mitxelena eta Itxasmendikoa; bosgarrengoa Nafarroa kaletik Lapurdi kalera eta Zelai Azpibide-Jaurtakol kaletik Zarauzko irteerara bitartekoa; seigarrengoa Mendilauta ingurukoa, Lizardi kaletik Mollarri kalerako eremua eta zazpigarrengoa, berriz, Abendañokoa, autokarabanentzat.
Bestalde, hiru kolorerekin zehaztuko dituzte aparkatzeko eremuak: zuria egoiliarrentzat izango da, E/R —egoiliarrak/residentes—seinalizazio izango du eta zazpi egunez 24 orduz izango da indarrean; ordaindu beharreko gunea urdina izango da eta zuri-urdina, berriz, errotazio altuko gunea. Garrastazuk argitu du trafiko legeak araututako koloreak direla horiek.
Eguzki Zaharra, ordainduta
Udako TAO sistema 09:00etatik 20:00etara egongo da martxan, egunero, eta aparkatzeko lau orduko muga kenduko da. Zarauztarrek ez dute ordaindu beharko 13:00etatik 16:00etara autoa aparkatzeagatik; txartela jarri egin beharko dute, hala ere. Igandetan eta jai egunetan errotazio altuko guneek zonalde urdin gisa funtzionatuko dute.
Gainontzeko egunetan, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara zein 16:30etik 20:00etara eta larunbatetan 09:00-13:00 bitartean egongo dira martxan errotazio altuko guneak.
Bestalde, Eguzki Zaharra eta Kortazarren ere aparkalekuak atonduko dituzte udan honetan ere. Lehenbizikoan aparkatu ahal izateko ordaindu egin beharko da. Partzela horretan eta Kortazarren aparkatzeko 2,5 euro ordaindu beharko da goizetan eta beste 2,5 euro arratsaldez. Egun osorako txartela 5 euro kostako da bi gune horietan.
Hiru txarteleraino
Etxeko hiru txarteleraino eskatu ahalko dira eta txartel bakoitzaren prezioa mantendu egingo dute: 30 euro kostako da urte osoko txartela (bigarrengo autoagatik 45 euro ordaindu beharko dira eta 90 hirugarrengoarengatik) eta 15 euro udakoa ( bigarrengo autoagatik 25 euro ordaindu beharko dira eta 60 hirugarrengoarengatik).
Egoiliar txartela dutenek ez dute euren zonaldean soilik aparkatu ahal izango; ordubetez doan aparkatzeko aukera izango dute euren gunetik kanpo. Ordainduko ez badute ere, txartela jarri beharko dute autoan.
Langileentzat eta inguruko auzotarrentzat
Txartel berri bat eskainiko zaie herrian erroldatuta egon ez arren, Zarautzera lanera etortzen direnei, hilean 45 euro ordainduta. Txartel hori zehaztutako gunetan soilik erabili ahalko da; eskatzaileak berak aukeratuko du zonaldea.
Zarauzko kanpoaldeko auzoetan—Urteta, Hiruerreketa eta Aitza, kasu— bizi eta udalerrian erroldatuta dauden bizilagunak txartel bereziak eskuratuko dituzte, herrian aparkatu ahal izateko. Alde Zaharra izan ezik, beste eremuen artean aukeratu ahalko dute horiek.
Horrekin batera, Zarauztik gertu dauden beste herrietako auzotarrek—besteak beste, Laurgain, Elkano, Urdaneta eta Meaga— laugarren eremuan aparkatzeko aukera izango dute. 30 euro ordainduz gero, txartel bat eskuratuko dute horretarako.
Aldaketak, udatik aurrera
TAOri buruzko ez ohiko udalbatzarra 19:00etan izango da. Udal Gobernuak proposatutako aldaketak onartzen badituzte, udatik aurrera izango dira martxan. Herritarrei informazio osoa etxeetara bidaliko zaie.