Aurpegia burkaz estali gabe

Zarauzko Hitza 2016ko maiatzaren 6a

Monica Bernabe kazetaria, Zarauzko Merkatu Plazako aretoan paratu duten erakusketan. (Aritz Mutiozabal)

 ‘Afganistan-Emakumeak’ erakusketak herrialde horretako indarkeria matxista salatu nahi du, bertako emakumeen errealitatea islatuz. Zarauzko Merkatu Plazan dago, hilaren 12a bitartean.

"Afganistango emakumearen bestelako irudi bat islatzea izan dugu helburu. Beti estalita irudikatu ohi ditugu, eta erakusketaren erronka izan da haiek burkarik gabe aurkeztea». Gervasio Sanchez argazkilariak eta Monica Bernabe kazetariak ondutako erakusketa da Afganistan-Emakumeak, Zarauzko Merkatu Plazako goiko solairuan jarri dutena. Bost urtetako lanaren emaitza dela nabarmendu du Bernabek. «Oso zaila izan da euren burua irudikatzen uztea, eta are zailagoa gizonezko baten eskutik. Horregatik pasatu dugu horrenbeste denbora».

Erakusketan ikusgai dauden emakumeak identifikatzea eta haiekin harremanetan jartzea izan da kazetariaren lana. Gero, Sanchez Afganistanera joaten zenean erretratu ahal zitzan. Argazkiok testuz lagunduta doaz, irudian agertzen direnen istorioa eta egoera ezagutaraziz. «Emakumeenganako indarkeria Afganistanen endemikoa da, talibanak boterean egon ala ez. Gizarte osoa dago inplikatuta, eta gizarte matxista da, oso kontserbadorea, eta erabateko inpugnitate egoeran bizi dira, nazioarteko komunitateak lagunduta», adierazi du Bernabek. Horregatik, «indarkeria hori erakutsi eta Afganistango emakumeek nahiz gizonezkoek hori salatu dezaten izan da gure helburu nagusia».

Bikotearen proiektuak 150 argazkitik gora ditu, eta Merkatu Plazan ikusgai dagoena horren lagin bat baino ez da. Hala ere, proiektuak erakutsi nahi dituen ardatz eta gai nagusiak nabarmen ageri dira Merkatu Plazako  40 irudietan: ezkontza behartuak eta haur ezkontzak, suizidioak, ihesak eta azken urtetako garapenak, besteak beste.

Erakusketa maiatzaren 12a bitartean ikus daiteke. Aste barruan 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan 12:00etatik 14:00­etara eta 18:00etatik 20:00etara

Erlazionatuak

'Afganistan-Emakumeak’ erakusketa

Zarauzko Hitza 2016 mai 06 Kultura

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide