Gipuzkoako jubilatuen topaketa egingo dute maiatzaren 14an

Zarauzko Hitza 2016ko maiatzaren 4a

Uxue Barrenetxea, Miren Letamendia eta Maite Villar, ezkerretik hasita (Aritz Mutiozabal).

Flashback izena jarri diote ekitaldiari, eta adinekoen eta gazteen arteko harremana sustatzea du xede.

Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntza graduko ikasle talde batek osatutako Loadinn irabazi asmorik gabeko enpresak antolatu du Flashback ekitaldia. Gipuzkoako jubilatu eta pentsionuden egun osoko topaketa bat da, maiatzaren 14an egingo dena, eta enpresako kide Uxue Barrenetxea eta Maite Villarrek adierazi dutenez, "adinekoen eta gazteen arteko interakzioa eta harremana sakontzea" du helburu. Zarauzko Hirugarren Adinekoen zinegotzi Miren Letamendiaren esanetan, "aukera polita da Zarautz horrelako ekimen baten erreferente bihurtzeko".

Aurretik egin dituzte beste hiru topaketa: bi Getarian eta bat Lezon. Horietan, ordea, adinekoen arteko harremana sustatzeaz eta hobetzeaz arduratu ziren nagusiki. Kasu honetan, gazteek ere hartuko dute parte egitasmoan: 20 bat boluntario ariko dira adinekoekin batera. Hainbat jarduera antolatu dituzte: bazkaria, dantzaldia, jokoak, karta jokoak eta karaokea, besteak beste. Horiek guztiak Antoniano kiroldegian eramango dituzte aurrera, baina aurretik, goizean, bisita gidatua egingo dute herrian barna.

Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, Gipuzkoa osoko 400 lagun inguru gerturatuko dira herrira, aurreko ekitaldietan bildu dutenaren ia bikoitza. Izena tokian tokiko jubilatu eta pentsiodunen etxetan eman daiteke, edo 677-19 19 12 telefonora deituta. 28 euro balio du, eta prezio horren barruan dena sartzen da: autobusa, bazkaria, bisita gidatua eta abar. Zarauztarrek autobusik hartu behar ez dutenez, 23 euro ordaindu beharko dute. Bestalde, topaketan lagundu nahi duten gazte boluntarioek aipatu telefonora deitu dezake.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide