Maiatzerako hainbat ikastaro antolatu ditu Artezaleak-ek

Zarauzko Hitza 2016ko maiatzaren 3a

Amagaientzat poltsak, soinekoak eta nezeserrak egiten eta larrua lantzen ikasiko dute parte-hartzaileek.

Artezaleak taldeak askotariko ikastaroak antolatu ditu udaberrirako. Hainbat eskaini dituzte apirilean eta maiatzerako ere lau antolatu dituzte, guztiak joskintzari lotuta. Maiatzaren 7an, esaterako, amagaientzat poltsak egiten irakatsiko dute.  35 euro kostako da ikastaroa, materiala barne.

Maiatzaren 14ean, berriz, soineko tiraduna sortzen ikasiko dute parte-hartzaileak. Ikastaro horretan parte hartzeko 35 euro ordaindu beharko dira; kopuru horren barruan sartuko da materiala ere.

Hilaren 21ean nezeserra egiten ikasteko aukera izango da. 25 euro kostako da ikastaroa, materiala barne.Egun berean larru ikastaro aurreratua ere eskainiko dute. Parte-hartzaileek 45 euro ordaindu beharko dituzte eta prezio horren barruan sartuko dute materiala.

Ikastaro guztiak 10:00etatik 13:00etara izango dira, Ebro Etxean. Informazio zabalagoa eskuratzeko Artezaleak-ekin jar daiteke harremanetan, Ebro Etxeara jota (Zumalakarregi, 16), 943-835568 telefonora deituta eta artezaleakzarautz@gmail.com helbidera idatzita.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide