Uztaila hasierarako prest egongo da Borghettoko kantina eta baita bertan kokatuko dituzten komun publikoak ere. Zarauzko Udalak dagoeneko erabaki du horiek egokitzeko lanak nork egingo dituen: Otegi Gaztañaga S.L. enpresa arduratuko da obrak aurrera eramateaz. Horretarako, 198.169,49 euroko (BEZ barne) aurrekontua izango du. Maiatzaren 9an ekingo diote lanari eta bi hilabetean amaituko dituztela aurreikusi dute.
Behin lanak amaituta, urte osoan zehar egongo da irekita itsas pasealeku amaierako kantina. Obra Txikiak, Zerbitzuak eta Azpiegituren zinegotzi Iban San Martinek malekoiko gune horretan zerbitzu hori "beharrezkoa" dela aitortu du: "Erakarpen turistiko berri bat izango dela uste dugu. Gobernu honen helburua Zarauzko turismoa urte sasoi guztietan sustatzea da eta proiektu honek ere bide hori jarraitzen du, leku honetara udan ez ezik, urteko beste egun guztietan ere bertaratzeko aukera izango delako".
Ustiapenerako baldintzak
Bestalde, udal teknikariak baldintza pleguak ari dira prestatzen, azpiegitura hori "lehenbailehen" ustiatzen has daitezen. Ardura hori egokitzen zaionak, kantinaz gain, komun publikoak ere kudeatu beharko ditu.
Horrenbestez, aurreko urteetan Argiñano jatetxearen azpian jarri izan den komun mugikorra kendu egingo dute.