Herriko autobus zerbitzua hobetzeko asmoa du Zarauzko Udalak. Egun bi linea ditu eta hirugarren bat martxan jartzea aztertzen ari da erakundea. Hori egin baino lehen, zein ibilbide eta ordutegi aldatu behar diren jakin nahi dute eta horretarako parte hartze ekimena jarriko du abian.
Zehazki, galdeketak egingo dituzte astelehenetik aurrera. Horretarako, langile bat ariko da inkestak egiten autobus erabiltzaileei. "Erabiltzaileen iritzia jaso nahi dugu, ahalik eta zerbitzu onena eskaintze aldera. Horregatik, herritarrei parte hartzeko eskatzen diegu, haien laguntzarekin zer hobetu daitekeen jakiteko", nabarmendu du Mugikortasun zinegotzi Maite Garrastazuk.