Txakurrak askatzeko bi gune berri sortu ditu Zarauzko Udal Gobernuak: bata, Salberdinen, Santa Klara komentuaren ondoan eta bestea, Abendañon, Urola Kostako Udal Elkartearen eta Garbigunearen arteko belazean. Lehenbizikoa herrigunean dago, erdigunetik gertu. 750 metro koadro ditu guztira, 34 metro luze eta 22 metro zabaletara. Bigarrengoa handiagoa da: 2.500 metro koadro neurtzen ditu, 110 luzetara eta 25 zabaletara. Hori, bereziki, txakur handientzat sortu dute, lasai egin dezaten korrika.
Gune berri horiei aurrez Iturribide kalean, trenbidearen albo batera atondu zuten eremua gehitu behar zaie. Aurrerantzean, beraz, Zarautzen hiru gune izango dira txakurrak libre ibili daitezen. Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak jakinarazi du modu horretan txakur jabeen eskaerari erantzun diola Udal Gobernuak: "Herrian txakurrek beti lotuta joan behar dute. Beharrezkoa da segurtasuna bermatzeko. Baina, aldi berean, ezinbestekoa da noizbehinka libre uztea eta korrika egiteko lekua izatea herrian. Udalak arauak jarri eta betearazten ditu, baina era berean, baliabideak jarri behar ditu".
Ate bikoitza eta zaborrontziak
Bi gune berriak sare batez daude inguratuta—Abendañokoak altuagoa du sarea— eta bi ate dituzte barrura sartzeko, txakur bat sartzean barruan dagoen bat ateratzea ekiditeko. Halaber, txakurren aisialdirako guneen kanpoaldean zaborrontziak jarri dituzte, jabeek animalien gorotzak bertara bota ditzaten.
Ingurumen zinegotziak txakur kakak jasotzearen garrantzia nabarmendu du: "Horrekin arazo handia daukagu herrian. Jabe batzuk oso kontziente dira eta beti jasotzen dute, baina beste batzuk ez dute pentsatzen zelako kaltea sortzen duten". Lorezainentzat, esaterako, "nazkagarria" dela adierazi du: "Pentsa ezazue zer gertatzen den makinarekin belarra mozten ari direnean eta airetik zabaltzen denean". Lorezainentzat ez ezik, edozeinentzat da "higuingarria", Vazquezen arabera: "Nazkagarria, zikina eta kaltegarria".
Gogoratu du udaltzainek isunak jartzen dituztela baina ardura guztiena dela eta, horrenbestez, "beharrezkoa" dela herritar guztiek gizalegez jokatzea: "Oso erraza da poltsa batzuk hartu, gorotzak jaso eta zaborrontzira botatzea".
"Espero dugu herritarrek gune horiek ongi zaintzea, garbi mantentzea eta txakurrek horietaz gozatzea".