Zarauzko Udaleko Kultura sailak berriz ere martxan jarri nahi du Kultur Mahaia, eta horretarako parte hartze prozesua abiatuko du. Helburua Udal Gobernuak herritarren beharrak ezagutu eta horiek asetzeko neurriak hartzea da. Horretarako bilera egingo dute asteazkenean eta kultur arloko eragileak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte.
Bilera udaletxeko udalbatzar aretoan izango da, 19:00etan. Honakoak dira bilera horretako aztergaiak: orain arte egindakoaren hausnarketa eta balorazioa; Kultur Mahaiaren eginbeharrak; 2016-2019rako agintaldi plana, kulturari dagokiona; 2016-2019rako kultur ondarearen plana eta 2016ko kultur egitasmo garrantzitsuak.