Larruazalean ongi tatuaturik aurkeztu dute Literaturia 2016, larrua izango duelako ardatz. «Hitz polisemikoa da. Oso iradokitzailea, eta adiera askokoa. Horrek ematen dio aberastasuna, bakoitzak har dezakeelako nahi duen bezala». Antolatzaileek gozamenaren bidetik heldu dio, Plazer hutsa dela aldarri eginez. Izan ere, «literatura plazer-iturri delako», eta hori frogatzeko hamaika aukera eskainiko dutelako maiatzaren 19tik 22ra.
Iazko formula berarekin ondu dute aurtengo jaialdia. «Berrikuntzarako koska gaiak ematen digu. Iaz hasi ginen lehen aldiz dinamika horrekin, eta horrek ematen digu urtetik urtera berritzeko aukera, oinarrizko eredua aldatu gabe», dio Literaturiako kide Ana Galarragak. Irekiera saioa Miren Agur Meabek egingo du, Modelo aretoan, baina bezperan hasiko dira ekitaldiekin. maiatzaren 19an, ostegunarekin, Isaac Xubin poeta galiziarraren errezitaldiarekin, Carballeira elkartean. Lau egunez, hainbat aurpegi ezagunek hartukodute parte: Kirmen Uribe, Eider Rodriguez, Harkaitz Cano eta Ruper Ordorikak, esteak beste.
Aurten ere Literaturiarako propio egindako ikuskizunen estreinaldiak izango dira: aurki Txalapartak argitara emango duen Mr. Señora liburuko antzezlan bat oholtzaratuko du Metrokoadroka taldeak, errezitaldi dramatizatua; ITU Bandak Isabel Iturberen bizitza eta heriotza ikuskizuna ekarriko du; Beñat Axiarik eta Joseba Irazokik Maitiak galdegin zautan sortu dute; eta Xabi Paya eta Patxi Gallegoren Nork hil du Andoni Egaña? komikian oinarritutako emanaldia ere izango da.
Literaturiaren logoa ere aurkeztu dute, Oihana Leundak egina. Hiru gune dituen kiribil urdin bat da, parentesi artean jasota. Antolatzaileen esanetan, jaialdiaren «topagune» izaera jasotzen du irudiak. Topagune hori herrigunea izango da: emanaldiak Modelo aretoan, liburu azoka Musika Plazan, eta liburuen aurkezpenak, berriz, Garoa liburu dendan. Literaturia iragartzeko bideoa ere egin dute, eta aurki estreinatuko dute.
Santamarinetan
Jaialdiaren data astebetez aurreratu dute, eta Santa Marinako jaiekin bat egingo du. Elkarren osagarri izango direla nabarmendu du Galarragak. «Egitaraua egiterakoan aintzat hartzeaz gain, haiek programatutako Apaxi ipuin kontalaria gure egitarauan txertatu dugu, eta haiek gauza bera egin dute gure errezitaldiarekin». Era berean, aurten Literaturian ez dute gaueko saiorik antolatu, «jaiarekin bat egiteko eta bertaratzen direnek ere herriaz goza dezaten».
Duela hiru urte hartu zuten Larrabetzuk utzitako lekukoa, eta jada herrian egonkortu egin dela diote antolatzaileek. Gainera, lantaldea handitu eta sendotu dute. Horrek aukera eman die jaialdiari beste ikuspuntu batzuetatik heltzeko.