"Gure multzoan bigarren postuan amaitu dute, eta ezagutzen ditugu. Talde indartsua da", adierazi du Zarautz Rugby Taldeko lehendakari Gaizka Zulaikak. Haien aurka bi aldiz neurtu ditugu indarrak aurten, eta bietan irabazi diegu. Jakin badakigu partida zailak izango direla; ez direla puntu askokoak izango, alegia. Gainera, haien etxean nahiko justu irabazi genuen aurrekoan".
Baja inportante batzuk baldin badituzte ere, kanporaketa gainditzeko gogotsu zelairatuko direla azaldu du Zulaikak. "Han irabaziz gero, alde txikiarekin izango da, eta galduz gero ere, alde txikiarekin izan beharko du. Etxeko partida erabakigarria izango da".
Igandean Burgosen jokatuko dute joaneko partida, 12:00etan hasita. Lehen partidarako autobusa antolatu dute jarraitzaileentzat, eta 60 lagun inguru joango zaizkie animatzera. Itzulekoa astebete geroago izango dute, maiatzaren 1ean, Astiko zelaian.
Azken urteetan hainbat igoera jokatzeko aukera izan du Zarautz Rugby Taldeko lehen taldeak. Aurten lehenak bukatu dute liga, partida bakarra galduta, eta Zulaikaren arabera, "argi dago talde sendoa osatu dugula, eta maila ona ematen ari garela".
Zortzi talde kanporaketan
Errugbiko Ohorezko B maila hiru multzotan banatuta dago, eta multzo bakoitzeko lehengo biak igoera jokatzeko sailkatu dira. Horiez gain, hiru multzotako hirugarren postuan amaitu duten bi onenak ere eskuratu dute txartela. Zortzi talde horiekin sailkapen bat osatu dute, ligan lortutako puntuak kontuan hartuta, eta Babyauto Zarautz hirugarren postuan geratu da.
Iaz igoera fasea ligaxka moduan jokatu bazuten ere, aurten kanporaketa bidez egingo dute. Taldeak eta partidak zehazteko orduan, ondorengo hurrenkera sistema erabili dute: lehen sailkatua azkenaren aurka, bigarrena azkenaurrekoaren aurka eta abar. Hala, Zarauzko taldeari Burgos egokitu zaio, seigarren sailkatua, final-laurdenetan.
Burgosen aurkako kanporaketa gaindituko balute, CAU Valenciaren eta CR La Vilaren artean gailentzen denaren aurka jokatu beharko lukete finalerdietan, maiatzaren 8an eta 15ean. Kanporaketako beste gurutzaketetan, beste lau talde hauek ariko dira final-laurdenetan: CR Atletico Portuense taldea Ciencias Sevillaren aurka, eta CR Liceo Frances taldea CR San Cugaten aurka. Finala maiatzaren 22an eta 29an jokatuko da.