Magenta da Pottors ta Klito gisa kaleratu duzuen lehen diskoa, baina aspalditik dugu zuen berri eta hamaika aldiz ikusi ahal izan zaituztegu oholtzan. Zein izan da puntu honetara iritsi bitarteko ibilbidea?
Pottors ta Klito 2009an hasi zen Kortaren garajean, egoera nahikoa prekarioan. Bateria elektroniko bat eta plastikozko tutuekin egindako mikro oinak genituen entseatzeko. Garai hartan Ainara (bateria), Altxu (gitarra eta ahotsa), Jorge (gitarra) eta Korta (baxua) ginen kideak, eta laguntasunaz gain, musikak eta feminismoak elkartzen gintuzten. Denok genuen musikarekin lotura, Altxu gitarra klasikoarekin aritzen zen, Korta DJ lanetan, Ainara perkusio eta batukadetan buru belarri zebilen eta Jorge 12 Tribu reggae taldean ibilia zen, baina Pottors esperientzia berria zen eta dena genuen ikasteko.
Taldea poliki-poliki joan zen forma hartzen. 2010ean Putzuzulo gaztetxean lehendabiziko kontzertua eman genuen, eta handik denbora batera iritsi zen bigarrena, 2011n, Leitzako topaketa feministetan. 2012ko amaieran aldaketak eman ziren: Jorgek taldea utzi eta Guru sartu zen, eta garajea utzi eta Zarauzko Vista Alegreko lokaletan hasi ginen entseatzen. 2013an kontzertuak modu jarraian ematen hasi ginen, eta uda ostean Amaia abeslaria fitxatu genuen, taldeari indarra emanez. 2014ko amaieran Altxuk talde utzi eta laukote moduan jarraitzea erabaki genuen, gitarrista bakarrarekin.
Denbora honetan musikalki trebatzeaz gain, talde eta pertsona bezala hazi gara, emanaldi bakoitza geroz eta gehiago gozatuz eta gozaraziz. Hala iruditzen zaigu behintzat!
Nolakoa izan da diskoaren sortze prozesua eta grabaketa?
Ez gara jarri disko bat egitera, urte hauetan egindako abestien bilduma bat da Magenta, bera etorri da. Horrek azal dezake diskoko abestien estilo aniztasuna. Pottorsen ibilbidean abesti gehiago sortu ditugu, baina hauekin sentitu gara erosoen, eta grabatzea erabaki genuen, behintzat erregistratuak gera zitezen. Pasa den udan, beraz, urratsa ematea erabaki genuen, eta Ander Barriusorekin harremanetan jarri ginen. Anderrekin oso gustura sentitu gara, teknikari ona izateaz gain, pertsona handia da, eta gure onena ateratzen jakin duela iruditzen zaigu. Emaitzarekin oso gustura gaude, Magenta erditze kolektibo eder bat izan da.