2019 artean 250 etxe eraikiko dituzte Zarautzen, horietatik 190 babestuak

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko api. 19a, 08:00

Grijalba txatartegia zenean egingo dute Salberdingo etxebizitza proiektuko lehen fasea (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Zarauztarrei etxebizitza eskuratzeko erraztasunak emateko, Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Udal Plana osatu du Udal Gobernuak 2016-2019 bitarterako.

2016-2019 bitarteko Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Udal Plana osatu du Udal Gobernuak, zarauztarrei etxebizitza babestuak «modu eskuragarrian» eskaintzeko. Erraztasunak ematea da asmoa, herritarrek «etxe duin, egoki eta irisgarria eskuratu, erabili eta gozatu ahal izateko».

Xabier Txurruka alkateak azaldu duenez, hiru zutoin ditu planak. Batetik, alokairurako etxebizitzak sustatzea. Hiru sustapen aurreikusi ditu alkateak. Batetik, Aldapeta. Udal jabetzako partzela horretan babestutako 50 etxebizitza — 20 babes ofizialekoak eta tasatutako 30— eraikiko dituzte agintaldi honetan; Jaurlaritzako Visesa elkarte publikoak sustatuko du gune hori. Aurreikusi dute 2017ko lehen hiruhilabetean esleituko dituztela, 2017an obrak hasi ahal izateko eta etxebizitzak 2019an emateko jabeei.

Etxebizitzak sustatuko dituzten bigarren eremua Salberdin da. Aurreikuspenen arabera, lehen fase batean babes ofizialeko 140 etxe inguru eraikiko dituzte Grijalba txatartegia zegoen gunean. Aurrez, birpartzelazioa eta urbanizazioa onartu beharko dituzte; aurten egiteko asmoa dute. Hori eginda, 2017an hasiko lirateke babes ofizialeko etxeak eraikitzen Salberdinen, agintaldia amaitu aurretik etxeak jabeei emate aldera. Horrekin batera, 60 etxebizitza libre eraikitzea ere aurreikusi dute.

Irita da etxebizitzak egingo dituzten hirugarren eremua. «Hasieran enpresa parke bat egiteko asmoa bazegoen ere, lege eta kudeaketa arazoak medio, azkenean aldaketa bat proposatu zitzaigun, eta horrela onartu da udalbatzarrean, aho batez», gogoratu du Txurrukak. Haren arabera, Jaurlaritzak eta Beterri Kostako industrialdeak eremu hori berraztertuko du, eta asmoa da datorren urtean Iritako Plan Orokorra aldatzea; 2018an birpartzelazio eta urbanizazio proiektuak gauzatzea eta 2019 aldera hastea gune horretan etxebizitzak sustatzen. Oraindik ere ez dute zehaztu zenbat etxe eraikiko dituzten eremu horretan. «Guztira, agintaldi honetarako 250 etxebizitza berri izango dira, horietatik 190 babesekoak eta 60 prezio librekoak», azaldu du alkateak.


Beste bi zutoin

Etxebizitzak sustatzeaz gainera, hutsik daudenak gutxitzeko Eusko Jaurlaritzako Bizigune programarekin hitzarmen bat sinatu nahi du Udal Gobernuak. Etxe hutsak merkaturatzeko etxejabeen interesa piztea du helburu, eta horretarako udalak osagarri batekin areagotu egingo ditu  programa horren bidez egun ematen diren laguntzak. «Etxebizitza hutsak alokairuan jartzea erabakitzen duten jabeei emango zaie laguntza, errenta kobratzeko bermea izan dezaten». Udalak urtean 200.000 euroko aurrekontua bideratuko du horretarako. «Batetik, erreformak egin dituztela justifikatzen dutenei 2.000 euro bitarteko diru laguntza emango diegu berritze lanak egiteko, eta bestetik, alokairu bakoitzeko 200 euro bitarteko laguntza ematea ere aurreikusten dugu». Aurreratu du  laster zehaztuko dutela hori Jaurlaritzarekin sinatuko duten akordioan.

Udal Gobernuarentzat «lehentasunezkoa» da orientazioa ematea behar sozial egoeran dauden pertsonei. Horregatik, hirugarren alor gisa, ekintza protokolo bat zehaztuko dute, etxegabetze prozedurak izanez gero, «inor kalean geratu ez dadin».

Laguntza publikoen inguruko informazioa, tramitazioa eta etxebizitza proiektuen gauzatze mailaren jarraipena Zarautz Lur erakunde publikotik egingo dute. Bertara jo daiteke argibideak eskuratzeko. Etxebizitzen inguruko  plana zarautz.eus atarian dago eskuragarri.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide