Datorren astean zabalduko dute udaleku irekietan izena emateko epea

Zarauzko Hitza 2016ko apirilaren 18a

Apirilaren 25etik 29ra eman beharko da izena.

Beste urte batez, Zarauzko Udalak eta Sorginmuño begirale taldeak udaleku irekiak antolatu ditu aurtengo udararako. Horren helburua haurreki udan euskaraz bizitzeko aukera eskaintzea da.  5 urtetik hasi eta Lehen Hezkuntzako 5. maila bitarteko umeei daude zuzenduta.

Bi txanda izango dira: bata, uzatailaren 1etik 29ra eta bestea abuztuaren 1etik 12ra. Astelehenetik ostiralera elkartuko dira haurrak, 10:00etatik 13:00etara Xakapon ludotekan, Gaztelekuan zein Lizardi institutuan, taldeen arabera. Hizkuntza behar bereziak dituzten haurrek sarbide zuzena izango dute, baldin eta ikasturtean zehar euskararen ezagutza edo erabilera sustatzeko programa batean parte hartu badute. Ziurtagiri batekin egiaztatu beharko da hori.

180 plaza dituzte orotara, eta beharrezkoa bada, zozketa egingo dute izena ematen dutenen artean. Izena apirilaren 25etik 29ra eman beharko da Xakapon ludotekan (09:30etik 11:30era eta 17:00etatik 19:00etara) edo xakaponudalekuak@gmail.com helbidera idatzita.

Uztaileko txandan parte hartu dutenek 85 euro ordaindu beharko dituzte eta abuztuko txandakoek, berriz, 42,5 euro. Maiatzaren 2an egingo dute zozketa. Diru sarrera zozketa egin ondoren egin beharko da.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide