Iñaki Perurenaren bi harrirekin aritu ziren atzo arratsaldean lanean sei harri jasotzaile Aiako probalekuan. Tartean, Mikel Lopetegi Urra. 36 jasoaldi egin zituen zarauztarrak: 20 aldiz altxatu zuen 24 ontza eta 10 arroako zilindro zaharra eta 16 aldiz 32 ontza eta 10 arroako zilindro zaharra. Guztira, 4.500 kilo altxatuz. Aimar Galarraga oriotarraren paretsu ibili zen Urra, baina epaileek jasoaldi bat baliogatu diote zarauztarrari bigarren harriarekin, eta, azkenean, jasoaldi bakar bategatik gailendu zitzaion oriotarra. Ondorioz, Galarraga hirugarren postuan sailkatu da eta Urra laugarren postuan.
Aimar Irigoien gailendu zen, 49 jasoaldirekin 6.125 kilo altxatuta. 30 aldiz altxatu zuen 24 ontza eta 10 arroako zilindro zaharra, eta 19 aldiz 32 ontza eta 10 arroako zilindro zaharra (bakoitzak 125 kilo). Inhar Urruzuno ondarroatarra sailkatu zen bigarren postuan, 45 jasoalditan (25 eta 20) 5.625 kilo altxatuz.