Pentsioen inguruko hitzaldia emango du Miren Etxezarreta ekonomialariak, hilaren 22an

Zarauzko Hitza 2016ko apirilaren 14a

Duintasuna erretiratu eta pentsiodunen elkarteak antolatu du eta Antoniano aretoan izango da, 18:30ean.

Miren Etxezarreta ekonomialaria pentsioen krisiaz, banaketa sistemaz eta erretiratuen etorkizunaz ariko da hitzordu horretan. Duintasuna erretiratu eta pentsiodunen elkarteak antolatu du eta apirilaren 22an izango da, Antoniano aretoan 18:30ean. Herritarrak bertaratzera gonbidatu dituzte.

Hona hemen aurrerapen gisa Duintasunatik bidali duten testua:

Guretzat egongo al da pentsiorik? Zer pentsio espero ditzakegu?
- Behin eta berriz esaten digute urte gutxi barru ez dela pentsio publikoak ordaintzeko dirurik egongo, eta zahartzaroan babes ekonomiko bat eduki nahi dutenek gaurdanik pentsio pribatuak ordaindu beharko dituztela. Zenbateraino da egia hau? Ez da egia pentsio publikoak ordaintzeko dirurik ez dagoela. Gizarte orok aktibo ez dauden bere herritarrak mantentzeko betebeharra du: erretiratuak, umeak, langabeak, ezinduak..."Pentsioen krisia" gizarte osoaren lanak sortutako aberastasuna modu partikular baten banatzearen ondorioa da.

- Estatu espainiarrean pentsioak lanean ari diren langileen ekarpenarekin soilik ordaintzen dira. Honi "Banaketa Sistema" deitzen zaio. Langileak ez diren beste guztiek jasotzen dituzten errentetatik ez da sistema honetara dirurik sartzen, kapitalaren irabaziek ez dute adineko pertsonen mantenurako inolako ekarpenik egiten. Hau ez da inolaz ere justua.

- Badaude pentsio publikoak finantzatzeko beste modu batzuk ere. Eta hau da eskatu behar duguna: gaurko sistemarekin ez badago pentsioak ordaintzeko dirurik -hau ez da guztiz egizkoa ere- beste sistema batzuk aurkitu behar dira. Baina gure herrialdeko erretiratuek bizimodu duin bat izateko eskubidea dute.

- Pentsio pribatuak ez dira irtenbidea. Oso arriskatuak dira, errentagarritasun txikia dute eta bere kudeaketa garesti ordaintzen da. Pentsio pribatuak gomendatzen dizkigute, banku eta aseguru etxeentzat negozio biribila direlako. Ez gaitzaten engainatu!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide