Gurasogintzaren inguruko hitzaldiak emango dituzte apiriletik ekainera ere

Zarauzko Hitza 2016ko apirilaren 13a

Apirilaren 21ean eskainiko dute 'Zein heldu behar dute nerabeek?' lehenbiziko hitzaldia. 

Apirila eta ekainera bitarterako ere gurasogintzari buruzko zikloa antolatu du Zarauzko Prebentzio sailak. Bi hitzaldi eta tailer bat eskainiko dituzte horren barruan. Hilaren 21ean emango dute lehenbiziko hitzaldia. Meskal Ros Urbieta irakasleak nerabeek zein heldu mota behar duten azalduko du hitzordu horretan, euskaraz.

Bigarrengo hitzaldia ekainaren 1ean izango da, familian aitaren paperari buruz. Mertxe Blanco irakasle, psikomotrizista y pedagogoak eskainiko du, gaztelaniaz. 

Zikloko hirugarren saioa album familiarraren inguruko tailerra izango da, maiatzaren 6an eta 7an. Urbietak eta Maria Montero Rios psikologo eta pedagogoak gidatuko dute. 16:00etatik 20:00etara izango da hilaren 6ko saioa eta 10:00-14:00 bitartean hilaren 7koa.

Hitzaldiak, berriz, 18:00etatik 20:00etara eskainiko dituzte kiroldegiko hitzaldi aretoan.

Izena eman beharko da ekitaldiotan parte hartu ahal izateko. Horretarako, Prebentzio sailarekin jarri daiteke harremanetan, prebentzioa@zarautz.eus helbidera idatzita. Bertara idatz daiteke informazio zabalagoa eskuratzeko ere, 943-005127 telefonora deitu, prebentzioko bulegoetara jo (Zigordia, 33) edota Prebentzioko blogera sartu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide