Aritz Mutiozabal: «Koadernoan ditudan narrazioak berridazteko aprobetxatuko dut orain»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko apirilaren 13a


Bi urte eta erdiko etenaldiaren ondoren, idazle zarauztarrak ‘Hutsartea’ bere bigarren poesia liburua kaleratu du Maiatz argitaletxearekin. Garoa liburu dendan aurkeztuko du bihar, 19:30ean.


Gorren dantzalekua kaleratu ondoren, hutsarte bat hartzea erabaki zenuen. Ezin izan duzu bete, ordea. Ezinezkoa al da zuretzat poemarik ez idaztea?
Ez nuke esango ezinezkoa zaidanik, baina aitortu behar dut menpekotasun txiki bat badudala. Barruak husteko balio dit, erraietan korapilatzen zaizkidan kezkak askatzeko. Duela bi urte eta erdi Gorren dantzalekua nire lehen poema liburua eman nuen argitara, prozesu luze baten ondoren, eta denbora batez poesiarik ez idaztea erabaki nuen. Atsedena hartzea, beste literatur genero batzuk lantzeko eta batez ere irakurtzeko. Saiakera hutsa izan zen, ordea. Badirudi barruak oraindik gehiago husteko beharra nuela.

Barrua husteko, zerbait kontatzeko… idatzi dituzu. Hala ere, lotura dute euren artean. Nola da hori?
Hutsartea da liburuaren izenburua eta gai nagusia. Hutsarte batean hasi nintzelako idazten, barruak husteko behar batetik, baina nagusiki pilatzen ari zitzaizkidan poemek bat egiten zutelako denboraren eten batekin. Bizitzako une jakin batzuetan izan ditzakegu parentesiak, eta norberarentzat bitarte hori izoztu egin bada ere, denbora errealak aurrera jarraitzen du. Inguruak bere kurtso naturala segitzen du. Funtsean, horretaz guztiaz ari naiz lan berrian.

Bost ataletan banatu dituzu poemak. Zergatik?
Atal guztietan etenaldi edo parentesi batetaz hausnartzen badut ere, bitarte huts bakoitza edo horren eragilea ezberdina da. Eta ezberdinak diren heinean, bereiztea egoki iruditzen zitzaidan. Bakoitzari zegokion garrantzia emateko. Poema batzuk politikoak dira, Geografia zartatuak lehen atalekoak. Urteak erbestean, preso, ihesean edo sasian egote horren barne gatazka intimoago batez ari naiz. Beste batzuk onirikoagoak dira, Ametsen itsasaldia atala bezala, eta zenbait existentzialagoak; kritikoak eta pertsonalak beste asko... Bost ataletan banatu ditut, eta hasieran eta bukaeran poema bana gehitu dizkiot; atariko eta epilogo gisa.

Lan berriak badu Gorren Dantzalekua-rekin lotura, ezta?
Bai, Amnesia izeneko erlojua eta Mihia huelgan atalek izan dezakete nolabaiteko lotura bat. Lehenak aurreko poemategiak zuen kutsu existentzialetik jotzen du. Denboraren iraganaz eta geroaz idatzi dut, nostalgiaz eta damuaz, baina ez horren etsia. Bigarrenak isiltasunari egiten dio erreferentzia, mutu gelditze horri. Antzekotasuna agerikoa da, Gorren dantzalekua-n ez entzuteaz ari nintzela kontuan hartuta. Kasu honetan, isilik geratze horren atzean ausardia falta dago.

Azken atalak pertsonalagoa dirudi.
Eklipse bat nire ordenagailuan, aitzitik, oso bestelakoa da. Ez du zerikusirik aurreko poemategian jasotakoarekin. Idazle naizen aldetik izan eta ikusi ditudan gorabeheren nahiz oztopoen inguruan hausnartzen dut azken atal honetan. Literatur proiektu bat garatzeko lan handia hartu eta gero, askotan sentipena dut ez duela ezertarako balio izan. Alferrik galdutako denbora izan dela.

Uneko sentipenak islatzeko balio izan zizun aurreko poema liburuak. Eta honek?
Honetan ere hala izan da. Beti erabili izan dut poesia unean uneko sentipenak kaleratzeko. Kezkak, sufrimenduak, itolarriak, ezinegonak eta barruko mamuak bueltaka hasten direnean nire baitan, poesia idaztea baino psikoanalisi hoberik ez dut topatu.

Hutsartea hartu zenuen  beste genero literarioak lantzeko ere. Orain, saiatuko al zara?
Poema liburua duela ia urtebete bukatu nuen. Gero, poemak zorrozten eta txukuntzen aritu naiz, argitara eman bitartean. Denbora horretan poesia bakan batzuk baino ez ditut idatzi. Beharbada, hau izan daiteke duela bi urte eta erdi egitea espero nuen hutsartea, aprobetxatuko dut koadernoan jasotako narrazioen zirriborroak berridazteko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide