Olatu handi eta txikietarako segurtasun ikastaroak eskainiko dituzte

Zarauzko Hitza 2016ko apirilaren 13a

Axi Muniainek eskainiko du saioetako bat, Ibon Amatriainekin batera.

Gipuzkoako Surf Federazioak antolatuta, maiatzeko lau asteburutan eskainiko dituzte saioak, Orion zein Zarautzen.

"Surflari kopurua gorantz doa gelditu gabe, geroz eta oaltu handiagoak hartzen dira gure kostaldean, urtean egun gehiagotan. Baina, era berean, egoera arriskutsuak ere ohikoagoak dira". Hori kontuan izanda, olatu handietarako zein txikietarako segurtasun ikastaroa antolatu du Gipuzkoako Surf Federazioak. Iaz antolatu zuten ikastaroa lehenbiziko aldiz, eta arrakasta ikusita, aurten errepikatzea erabaki dute.

Maiatzeko lau asteburuetan eskainiko dute, Orion zein Zarautzen. Ikastaro trinko bakoitza 16 ordukoa da, 8 ordu larunbatean eskainiko dituzte eta beste 8 igande bakoitzean. Larunbatean apnea ikastaro zehatza eskainiko du Apnea Academy-ko irakasle Jokin Solbesek. Bertan, arnasa ondo hartzen irakatsiko die parte-hartzaileei, norberaren ahalmenak muturrera eraman ahal izateko. Era berean, teoria praktikan jarriko dute igerilekuan.

Igandean bi saio izango dira. Goizez, momentu arriskutsuen analisia eta jarraitu beharreko pausoak azalduko dituzte Axi Muniain eta Ibon Amatriain olatu handietako surflari zarauztarrek. Besteak beste, prestaketa fisikoaz eta psikologikoaz, olatuak irakurtzeaz, istripuen kudeaketaz eta beharrezko materialaz ariko dira.

Arratsaldez, berriz, Jon Ander Etxebarria Gurutze Gorriko irakasleak itsasoko erreskate eta larrialdietarako ikastaroa eskainiko du. Jendea uretatik ateratzeko metodo egokienak eta zaurituei eman beharreko lehen laguntzak zeintzun diren ikasiko dituzte parte-hartzaileek. Hondartzan egingo dute saio praktikoa.

Gipuzkoako Surf Federazioaren webgunean eman beharko da izena eta 150 euro ordaindu. Jakinarazi dute plazak mugatuak—asteburuko 12 pertsona—direla. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide