Aner Euzkitzek irabazi du Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa bertso idatzietan

Zarauzko Hitza 2016ko apirilaren 12a

DBH Lehen Zikloko ikasleen mailan gailendu da Lizardi institutuko ikaslea. Salbatore Mitxelenako Arixen San Sebastianek aipamena jaso du LH 3. eta 4. mailako ikasleen artean.

Jakinarazi dituzte Oinak Buruan eskolarteko bertsopaper lehiaketako irabazleak nortzuk diren. DBH Lehen Zikloko ikasleen artean Aner Euzkitze Lizardi institutuko ikasle zarauztarra nagusitu da. Salbatore Mitxelena ikastolako Arixen San Sebastianek, berriz, aipamena jaso du LH 3. eta 4. mailako ikasleen artean.

Hona hemen Euzkitzeren bertsoa:

Gaia: Aspertzeko betarik ez dut baina pozik bizi naiz.
Doinua: Itsaso hori ago zatarra:
 
1.- Bertsolaritzan milaka froga,
dena umore zein metafora,
noizbait bide bat okerra bada
har daiteke ziaboga.(bis)
Gasteiza ta Durangora,
Angeluraino gerora,
nahi ta ezina izango da...
nahiz ta batzutan desorekatu
ta ezinak egin gora,
egiten dena gustatzen bada
beti egiten da gustora.(bis)
 
2.-Dena edertasun ta aurrerapen,
beste aro bat hasten da aurten,
lanbide honek nola euskara
osorik alda dezakeen.(bis)
Sarri zaila du ematen,
munduari erasaten,
baina horrelako baten,
konturatu naiz badaukadala
behar adina ekarpen...
nirea soilik egin behar dut
besteek goza dezaten.(bis)
 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide