Xabier Lazkanok irabazi du Gipuzkoako Bola Kopa

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2016ko apirilaren 10a

Denera 67 lagunek parte hartu dute egunean zehar Zarautzen jokatu den Gipuzkoako Bola Kopan, horietatik 7 parte-hartzaile emakumeak izan dira.

Gaur goizeko 09:00etarako abiatu dute Gipuzkoako Bola Kopa Zelaiondoko bolatokian, eta arratsaldean 19:30ak pasata amaitu dute txapelketa. 67 parte-hartzaile lehiatu dira Gipuzkoa mailako norgehiagokan, eta Xabier Lazkano izan da txapelduna 47 birla 8 tiradetan botata. Gertutik jarraitu diote Joxe Kruz Aranburuk eta Miguel Burugainek, bi jokalariek 45 birla botatzea lortu baitute. Laugarren sailkatua Ibon Miner izan da zortzi tiradatan 44 birla botata.

Gipuzkoako Bola eta Toka Federazioak antolatu du txapelketa, eta arduradunek adierazi dute "oso ondo" joan dela lehia. "Zelaiondokoa bolatoki zaila da, eta hori emaitzetan nabarmendu da", normalean maila horietako txapelketetan irabazleek 48 birlatik gora botatzea lortzen baitute, eta gaurkoan 47an geratu da Lazkano. "Bolatoki zaila da joko onak egiteko; izan ere, estali gabe dago eta eguraldiaren gora-beherek eragina dute bolatokian" azaldu dute antolatzaileek. 

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide